Txartela, edukiontziak eta poltsak jasotzeko azken eguna

Tolosaldeko Ataria 2020ko uzt. 2a, 10:00

Amezketako Udala uztailaren 6an hasiko da hondakin bilketa sistema berriarekin; kultur etxean beharrezko materiala jasotzeko azken eguna da gaur.

Amezketako Udalak uztailaren 6an jarriko du martxan hondakinen bilketarako sistema berria. Aldez aurretik herritarrak informatzeko bilerak egin dituzte, eta aste honetan, bilketa berrirako beharrezkoa duten materiala banatzen ari zaie herritarrei. Gaur da materiala jasotzeko azken eguna.

Kultur etxean ari dira materiala banatzen, 11:30etik 14:00etara edo 17:00etatik 20:00etara dago jasotzeko aukera. Sistema berriarekin hasi ahal izateko herritarrek nahitaezkoa dute txartelak, edukiontziak eta poltsak jasotzea.

Edukiontzi berriak errefusarentzat eta organikoarentzat izango dira, eta txartel elektroniko bat banatuko da etxebizitza bakoitzarentzat. Txartel elektronikoa beharrezkoa izango da organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabaltzeko. Organikoaren edukiontziak ez du mugarik izango irekitzeko. Aldiz, errefusaren edukiontzia astean hiru aldiz irekitzeko aukera izango da, baina behar bereziak dituztenek pixoihal asko, esaterako muga zabaltzeko eskaera egiteko aukera izango dute.

Ontzi arinen eta papera eta kartoiaren edukiontziak zabalik egongo dira, behar denean erabiltzeko.

Herriko konposta guneak kendu egingo dituzte, «arautegi berriaren baldintzekin ez delako bideragarria», azaldu dute udaletik. Baina, hondakin organikoa kudeatzeko herritarrei bi aukera jarri dizkiete eskura.

Alde batetik, organikoa kaleko edukiontzi marroietara botatzea, edo bestetik, norberak berea etxean kudeatzea. Hau da, azken aukeraketa eginez gero, txartelaren bidez ezingo da edukiontzi marroia ireki. Organikoa etxean kudeatu nahi duenak eskaera kultur etxean bertan egin beharko du.

Hondakin organikoa kaleko edukiontzi marroietara botatzeko ontzi marroiak eta poltsa konpostagarriak udalak dohain banatuko dizkie herritarrei. Eta organikoa etxean egiteko banakako konpostagailuak ere Tolosaldeko Mankomunitatetik dohain eskuratu ditzakete.

ARRAZOIAK ETA HELBURUAK

Amezketako Udalak hondakin bilketan aldaketak emateko arrazoiak eman dizkie herritarrei. «Konpostaren kudeaketa arautzen duen araudi berri eta zorrotza indarrean dago», arrazoitu dute, eta «egun udalak kudeatzen du hondakin organikoa, eta sistema gainezka dago», argitu dute.

Helburuen artean, berriz, «hondakinen bilketa sistema hobetu, eta gaikako bilketa areagotzea» dute. Era berean, edukiontzi marroietan jasotako hondakin organikoa konpost bilakatzea dute helburu, eta txartel elektronikoak «hondakinen bilketa sistemaren erabiltzaileen banakako jarraipena ahalbidetzen du, bilketa sistemaren eraginkortasuna hobeto neurtu eta kudeatzeko», azaldu dute.

Ekonomikoki hondakin bilketa sistemak 42.024,83 euroko kostua izango du Amezketan. Tolosaldeko Mankomunitateari udalak 29.844,83 euro ordainduko dizkio, eta udal langilearen kostua 12.180 eurokoa izango da. Aurten 24.250 euro jasoko dituztela tasetatik aurreikusi dute, eta beraz, udalak 17.774,83 euro jarri beharko ditu hondakinen bilketa ordaintzeko: «Udal zerbitzu baten helburua aldea ahal den txikiena izatea da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!