"Berriz ere pilotari sentitzen ari gara eta hori positiboa da guretzako"

Imanol Garcia Landa 2020ko eka. 24a, 14:00
Imaz eta Jokin Altuna, Caixabank Mastersaren aurkezpenean. ASPE

Binakako udako torneoari gaur emango zaio hasiera, Eibarko Astelena frontoian, 17:00etan hasiko den jaialdian. Torneokoa bigarren partida izango da, eta bertan Altuna III.a eta Imaz bikoteak Ezkurdia eta Aranguren izango dituzte aurkari. Lehenengo partidan Peña II.a-Bikuña eta Salaberria-Mariezkurrena II.a lehiatuko dira eta hirugarrenean Alberdi-Erasun eta Egiguren V.a-Untoria. Jokin Altuna amezketarra elkarrizketatu dugu lehen partida horren atarian.

Azkenean iritsi dira partidak.

Bai, eta alde horretatik oso pozik gaude. Gogo handiz geunden berriz martxan hasteko. Bihar [gaur] partida dugu, berriz ere pilotari sentitzen ari gara, eta hori positiboa da guretzako.

Nola zaude fisiko aldetik?

Konfinamenduan ondo prestatu gara, baina frontoian entrenatzen hasi garenean molestia batzuk izan ditut. Normala dela esaten dute, mugimendu batzuk egin gabe denbora dezente gindoazen eta. Inor ez gaude ehuneko ehun, eta iruditzen zait hori kantxan nabaritu egingo dela. Garrantzitsuena hasieran ez lesionatzea da eta gero jokoa hobetzen joango gara.

Hain justu, nola sentitzen zara jokoaren aldetik?

Taldekako bi entrenamendu bakarrik egin ditugu oraindik. Uztailaren 1ean hasiko ginela esan ziguten, eta azkenean lehenago ariko gara, eta azkar etorri da. Entrenamendu aldetik pixka bat berde gaude, baina ea pixkanaka ondo jartzen garen.

Zer iruditzen zaizu sortu den binakako udako torneoa?

Pilotarientzako ona da. Egia esan, egon diren erabaki batzuekin pixka bat harrituta, baina beraiek erabakitzen dute zeinek jokatu behar duen eta guri jokatzea tokatzen zaigu. Torneoa polita da, eta nik Imazekin oso gustura jokatuko dut. Ondo eramaten naiz berarekin, eta horrez gain maila oso altua ematen ari da azken urteotan. Espero dut bikote ona egitea.

Eta osatu diren bikoteak zer iruditzen zaizkizu?

Bikote batzuk ikaragarri indartsuak iruditzen zaizkit. Pilotari batzuk ez daude eta horrekin pixka bat harrituta nago. Pilotariek denbora honetan gure aldetik asko jarri dugu eta iruditzen zait gauzak hobeto egitea bazeudela.

Torneoarekin hasteko, Ezkurdia-Arangurenen dituzue aurkari.

Partida gogorra izango dela iruditzen zait, baina ez dakit nondik nora joango den. Denok antzeko egoeran gaude, eta ikusiko beharko da partidetako materialarekin ea zer erritmotan jokatzeko gai garen.

Ez da txapelketa, torneo bat baizik, baina pilotari guztiak gogoz ariko zarete irabazteko.

Pilotariei ilusio handia egiten digu, gainera puntuak emango dizkigu sailkapenerako, eta garrantzitsua izango da ahal den urrutiena iristea. Baina pertsonalki garrantzia emango nioke udan ahal den maila onena ematea, minik ez hartzea eta irailera indartsu iristea.

Dirudienez, buruz-burukoa eta lau eta erdikoa ere jokatuko dira urtearen amaieran.

Oso gustura gaude horrekin. Pilotariek hori nahi genuen, txapelketa guztiak jokatzea, eta gogo handiz gaude. Jendeak ere gustura hartuko du hori, adiskidezko partidak ikustea baino txapelketakoak ikustea gogokoago dituela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!