Euskal Herriko geodibertsitatea balorean jarri nahi izan dute, gaur, Amezketako San Martinen egin den aurkezpenean. Amezketako Udalak, Arritzagako glaziar bailara erakusteko sortu dituen baliabideak edozeinen eskura jarri ditu. San Martinen bertan mahai panoramikoa jarri dute, eta udaletxean eta turismo bulegoetan banatuko dituzte ibilbide geologikoa egiteko eskuorriak. Informazio guztia eta ibilbidea mugikor bidez -qr kode bidez-, eskuratzeko aukera dago.
Asier Hilario geologo tolosarraren lana izan da, eta horrez gain, bi urte luzeko lana izan den Geodibertsitatea, gure lurraldearen memoria ezkutua liburua aurkeztu du. Euskal Herriko geologiako interesdunen inbentarioa egina duela Eusko Jaurlaritzak adierazi du: "EAE guztian 150 leku atera ziren, eta horietatik lau Arritzagako bailaran daude. Arritzaga bada puntu bero bat, Euskal Herriko geologian".
Jurasiko garaiko arrokak inon baino hobeto ikus daitezkeela argitu du, eta aldi berean Aralarko arkitektura nolakoa den ulertu daitekeela. "Aralar nola altxatu zen ikusi daiteke itsaso azpitik". Eta nabarmendu du Arritzagako bailara, Euskal Herrian dagoen bailara glaziar bakarra dela.
"Duela 40.000 urte bost kilometro luzera zituen eta 80 metroko lodiera zuen izotz glaziar bat egon zen hemen", kontatu du, eta jarri duten panelean, "lau klabe jarri ditugu Aralar nolakoa den ulertzeko, nola sortu zen, nondik datorren hainbeste ur...". Minetako lanaz gain, abeltzaintza eta artzantza ere aspaldiko ofizioak direla Aralarren esan du.
Ibilbidea ere prestatu dute San Martindik hasi eta Pardelus iturriraino joan etorria egiteko, eta ibilbidean zazpi interes gune markatu dituzte. Gertuko turismoa ahoz aho dabilen garaia hauetan, "Arritzagako bailara paisaia aldetik ikaragarri polita izateaz gain, modu ezberdin batean bisitatzeko aukera ematen digu", gaineratu du Hilariok.
Asier Hilarioren labetik atera berria den liburua Elkar liburu dendetan erosi daiteke, eta proiektu honen barruan gauzatu da. "Orain arte ez da inoiz egin honelako liburu dibulgatzaile bat", dio egileak. Jende askok galdetu izan dio Euskal Herriko geologia erraz ulertzeko libururik ba ote den, "mendiak eta paisaia beste modu batean" ulertu ahal izateko. Liburu honen helburua horixe dela azpimarratu du: "Euskal Herriko paisaien atzean dagoen 400 milioi urtetako historia zein den kontatzea. Nola horrek baldintzatzen duen gure paisaia, eta horrek ere nola baldintzatzen dituen beste gauza guztiak. Hau da, ekologia, ekosistema, ematen dizkigun zerbitzuak, ematen digun ura, klima, lurrak... Eta lurrak baldintzatzen du landaretza edota baserritarren aktibitatea. Baserrien kokapena...".
Liburu irakurterraza egin du, eta argazki onekin osatua dago: "Liburua egitea asko kosta da, eta zailena laburbiltzea izan da eta hizkuntza erraz batean jartzea", aitortu du Hilariok.
Udaleko Turismo zinegotzia den Mikel Arteagak, Arritzaga bailaran gidatutako txangoak ere antolatuko dituztela aurreratu du. "Ekainean egin nahi genuen, baina eguraldi ona nahi dugu eta atzeratu egin da". Bi irteera antolatuko dira Asier Hilario geologoak berak gidatuta. Lehena herritarrentzat izango da, eta bigarren irteera irekia izango da. San Martindik abiatu eta Pardeluseraino irteera izango da. Arteagak herritarrak animatu nahi ditu parte hartzera, eta betidanik ezagutu duten Arritzaga, "Asierren azalpenekin ezagutzea oso interesgarria" izango delako.
Proiektua Amezketako Udalak sustatu du, baina Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak diruz lagundu du, eta Asier Hilariok gauzatu du.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaria den Aitor Zuluetak azpimarratu du, hasieratik ikusi zutela "proiektua interesgarria" zela. Helburua "publiko orokorraren artean " zabaltzea dutela dio, eta "ez adituen artean bakarrik". Euskal Herriko geodibertsitatea biltzen duen liburua "urte askotarako balio duen liburua da", adierazi du. Historia ulertzeko baliagarria dena, "nondik gatozen eta norantza goazen jakiteko".
Turismorako egokiak diren parajeak ezagutzera eman nahi dituzte, eta Zulueta ziur da, "jende asko harrituta geratuko da harana glaziar batek egina dela ikustean, eta benetan Txindokiren aldamenean altxor handi bat dago".