Amezketako hiru frontoiak zabalik daude

Tolosaldeko Ataria 2020ko eka. 13a, 10:46

Hiru hilabetez itxita egon ondoren, Amezketako Udalak zabaldu ditu herriko hiru frontoiak; Larrunarri, Altuna Anaiak eta Ugarteko pilotalekua.

Amezketako Udalak herrian dituen hiru pilotalekuak irekitzeko erabakia hartu du, baina 3. faseko legea kontuan hartuta, betebeharreko arauak jarri ditu. Beraz, herritarrek, Larrunarri, Altuna Anaiak eta Ugarteko pilotalekua erabili ditzakete.
 
Larrialdi egoera dela eta, udaletik adierazi dute "oso garrantzitsua" dela hiru arauak jarraitzea. 

Hasteko, pilotalekuaren aforoa edo edukiera %50ean bete daiteke. "Zorionez, pilotalekuak handiak direnez, ez da arazorik izango hori betetzen". Era berean, gehienez ere hogei pertsonako taldeetan egin ahal izango da kirol jarduera. Eta bukatzeko, ahal den neurrian eta egiten den kirolak hori posible egiten badu, bi metroko segurtasun tartea mantendu beharko da.
 
Eguraldi euritsua denez, umeek erabiliko dituzte pilotalekuak eta gurasoak zaintzan eta solasean egongo direla ekarri dute gogora: "Hori horrela bada, gogoratu bi metrotako distantzia baino gutxiago badute gurasoek eta zaintzaileek, musukoa edo maskara erabili behar dutela".

Larrunarri pilotalekuari dagokionez, azken asteetan pilotalekuko teilatuan zenbait konponketa egin dituzte, eta azken ukituen faltan dagoela esan dute udaletik. Hala eta guztiz ere, udal aguazilek egunotan pilotalekuaren garbiketa egin dute, eta pilotalekuaren barruan jolastu eta egon daitekeela azpimarratu dute.
 
Udaletik azken hilabeteetan esan izan den bezalaxe, arauak errespetatzea denen onerako eta osasunerako da. Oraindik birusa ez dago menperatuta eta brote eta agerraldiak sortzen dira noizbehinka gure lurraldean, beraz adi eta zuhur jokatu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!