Koronabirusa

Iritzirik ez izateko eskubideaz

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2020ko eka. 15a, 07:00

Handik aurrera Adan jartzen da/ su ta gar kausaren alde/ foileto batzuk eman diozkate/ hutsaren truke, debalde/ Marx eta Lenin irakur ditzan/ gehiegi nekatu gabe/ hiru astean egiten zaigu/ fede berri baten jabe». Xabier Leteren Teologia Ideologia kantuaren bertso horrek ederki islatzen du nire azken asteetako jarrera.

Zenbait ertzainen jarreraz, balkoiko poliziez, balkoiko polizien aurka polizi jarrera hartu dutenez, txakur-jabeez, haurren egoeraz, faseen antolaketaz, hauteskundeez, lanerako itzuleraz, terrazez, ordutegiez, 5.000 biztanleko mugaz, Beasaingo akelarreaz, hondartzez… guztiaz iritzia ematera behartua sentitu naiz. Eta eman dut iritzia. Harik eta, bezperan nuen iritziaren aurka, ahobizarrik gabe neure burua bizpahiru bider hizketan sumatu dudan arte. Kontraesanetan erori arte. Orduan, iritziari greba deklaratu diot. Eta iritzirik ez izateko eskubidea aldarrikatu nahiko nuke.

Iritzia oso gauza serioa da. Gauza bakoitzaz zer iritzi dugun galdetzen zaigu. Eta erantzun bat espero da. Posizionatze bat. Baina, hain informazio urriarekin nola eman iritzia? Zer oinarri dauka iritzi horrek?

Ohartu naiz, gertatzen denak baino gehiago, gertatzen den horretaz iritzia eman beharrak ernegatzen nauela. Iritziak saritu dira sare sozialetan eta lagun arteko elkarrizketetan. Baina, iritzia emateko zer oinarri, froga, egitate, datu… ditugu sarritan? Bat ere ez.

Taldearen onarpen beharrak, bakarrik ez sentitu nahiak, iritzi bat hartzera eta hura sutsuki defendatzera garamatza


Horregatik, epaile ez izateko baimena eman diot, azkenean, neure buruari. Kontenplatzaile paperera pasatu naiz. Gertatzen dena kontenplatu. Horretaz neure buruari iritzirik eskatu gabe. Eta ez dakizue zeinen lasai nagoen erabaki hori hartu dudanetik.

Erabakia hartu bitarte ordea, sare sozialei sua atera diet, Whatsapp taldeetan jendea konbentzitzen saiatu naiz, inoiz inor gutxietsi ere egin dudala iruditu zait. Barkatu, batez ere nire herrietako taldean sortu dudan zalapartagatik. Taldeko kide zareten besteoi ere, iritzia eman zenezaten presionatu zaituztedalako.

Horrelakoa gara gizakiok. Taldearen onarpen beharrak, bakarrik ez sentitu nahiak, iritzi bat hartzera eta hura sutsuki defendatzera garamatza. Ideia bat nire egin beharra. Edo hobeto esanda: neure burua ideia bakarrera erreduzitu beharra. Nik alderdi asko izan arren, bakarra hartu eta nire beste izate guztiak ezeztatzeraino. Nire izate osoa ukatzeraino.

Baina, askoz aberasgarriago zait iritzi batekin identifikatu gabe, neure burua behartu gabe, nire zalantza eta ezjakintasun guztiekin naizen bezalaxe agertzea. Nahiz eta, agian, txepeltzat edo anbiguotzat hartuko nauzuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!