«Oraindik irekiagoak egon beharko ginateke udalak»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 14a, 07:00

Idazkari-kontuhartzailea da Jon Burgaña Amezketan, eta herritarrekin pedagogia egin behar dela uste du. Gustuko du herritarrak bulegoan artatzea, nahiz eta denbora eskatu; etorkizunerako balio duelakoan da.

Jon Burgaña idazkariak lau urte eta erdi daramatza Amezketako udaletxean lanean. Herrigintza bizi du, eta gustukoa du bere lana.

Amezketako udaletxeko idazkari-kontuhartzailea zara. Udaletxe guztietan ezinbesteko langileak.

Udaletxe guztietan daude idazkari-kontuhartzaileak, idazkari edo kontu hartzaileak. Biztanle kopuruaren arabera, udalerri handietan bi funtzioak banatuta daude, eta udal txikietan pertsona batek biltzen ditu bi funtzioak.

Zein lan egiten dituzue gutxi gorabehera?

Espainiako dekretu batek jasotzen ditu idazkari eta kontuhartzaileen funtzioak. Idazkariari dagokionez, funtzio nagusia, udaleko aholkulari juridiko nagusiarena da. Udaletxe handietan, bat baino gehiago egon daitezke. Horrez gain, udalak sortzen dituen ebazpen administratibo guztien fede publikoa ematea da; alegia, udalbatzarrak hartzen dituen ebazpenak edo alkateak dekretu bidez hartzen dituenak benetan horrela izan direnaren fedea ematen da. Notario txiki baten moduan, hori da idazkariaren funtzio nagusia.

Eta kontuhartzaile izatea zer da?

Udal baten ekonomiaren nondik norako guztiak eramatea. Udal guztiok daukagu aurrekontu bat, eta hori kudeatu behar da. Horren barruan, garrantzitsua da gastuen eta diru sarreren fiskalizazioa, hau da, udal batek dituen diru sarrerak legearekin bat datozela ziurtatu behar duzu. Zerga bitartez, aldunditik datorren foru funtsaren bitartez edo bestelako diru sarreren bitartez, dena zuzena dela gainbegiratzea. Gastuari dagokionez, beste horrenbeste, udalak ezin du nahi duen erara gastatu bere aurrekontua. Arau batzuk ere badaude, eta gastuak txukun egiten direla begiratu behar du kontu hartzaile batek. Horiek dira nagusiki bete beharreko funtzioak.

Legeak betearaztea da zuen lana?

Lagun arteko hizkeran horrela dela esan dezakegu, alegia, udalak hartzen dituen erabaki guztiak legediarekin edo araudiarekin bat datozela. Araudia oso zabala da udalerri batean: tokikoa, Espainiako, Euskadikoa, baina gero kontuan hartu behar da giza baliabideei buruzko araudia. Kontratazioak garrantzia handia dauka berdintasuna eta konkurrentzia bermatzeko. Hirigintza oso garrantzitsua da, eta araudi zabala dago hirigintzan. Baina zakurrei, ondareari edo ingurumenari buruzko araudiak ere badaude, esaterako. Oso zabala da, eta denetarik pixka bat jakin behar da, eta batez ere, tokatzen denean araudi horretan murgiltzen jakin behar da. Garrantzitsuena udal erabakiak araudiarekin bat etortzea da.

Herritarrek uste duzu badakitela zein den zure lana?

Denborarekin jakiten dute. Herritar bati udaletxera etortzea tokatu bazaio, esaterako, obra baten proiektuarekin, eta eztabaidatu edo adostu badu zerbait, orduan, elkarrizketa horietan ohartzen dira. Lehen baino gehiago orain. Nik uste dut administrazioak eta udalak inoiz baino irekiagoak gaudela, eta oraindik ere irekiagoak egon beharko ginateke. Hala ere, uste dut ikasten doazela udalaren erabakiek arrazoi bat dutela, eta araudi bat aplikatu beharra daukagula.

Idazkariak herriko pertsona garrantzitsuak izan dira.

Garaiak aldatu dira. Gu ez gara inor baino gehiago, eta ezta gutxiago ere. Herriko beste eragile bat gehiago gara. Norberaren izaeraren araberakoa ere izaten da.

Erraza da politikariekin lan egitea?

Dinamika bat da. Elkarrizketa bat. Hor ere, izaerak eragiten du. Kargu publiko batzuk badaude ikasi behar dutenak araudi bat dagoela, eta hori konplitu behar dela. Talkak gertatzen dira, eta historikoki izan dira hitz egiten ez zuten alkate eta idazkariak, baina orain gutxi dira eta orokorrean ez da horrela. Duela 15-20 urte ez bezala, gaur egun, kargu publikoek ere ikastaroak egiten dituzte. Lehen alkate eta zinegotziek nahi zutena egiten zuten, eta zorionez gauza horiek aldatu dira, eta baita administrazioa ere. Gauzak txukunago egiten dira, eta herritarrei ere dinamika hori erakutsi behar zaie.

Askotan esaten da udalean idazkariok agintzen duzuela.

Agindu ez. Agindu alkateak agintzen du, eta are gehiago, korporazioak eta gobernu taldeak. Erabakiak legez beraiek hartzen dituzte, eta beraien eskuetan dago. Erabakiak hartzea erantzukizun handia da, eta askotan zaila da. Udal txikietan pisu handia dugu idazkariok erabakietan, baina azken finean araudiak agintzen duelako da. Askotan, 'idazkariak esan du hori ezin dela egin' esaten da, baina idazkariak ez du esaten, baizik eta araudiak.

Lege aldetik zorrotzak izatea dagokizue?

Bai. Zorrotzak, eta batzuetan baita malguak ere. Legeak ere ez ditu kasu guztiak aurreikusten, eta legea askotan ez dago herri txikietarako pentsatuta. Arauak hor daude, eta ahalik eta txukunen bete behar dira.

Ardura handia duzue idazkariok?

Bai. Alkate eta zinegotziek bezala. Egunean zehar sinadura asko egiten ditugu. Fakturak, ordainketa aginduak, dekretuen fede ematea dela, eta honenbestez, esan nahi du dekretu horrek betetzen duela araudia. Erantzukizuna dugu. Badira Gipuzkoan epaitegietan bukatu duten idazkariak. Egunero gaude erabakiak hartzen, eta araudia aplikatzen. Ekonomikoki ere, Euskadiko Kontuen Epaitegiak gure lana gainbegiratu eta fiskalizatzen du; diru kontuak ere txukun eraman behar dira.

Gustuko lana duzu?

Bai. Lan handia da. Udal batean definizioz lana ez da inoiz bukatzen, baina ilusio eta gogoarekin egiten dut.

Zer moduzkoak dira amezketarrak?

Ondo, oso atsegina da herri txiki batean egotea. Hemen tratua hurbila da. Hori bai, pedagogia egin behar da, eta gustatzen zait. Denbora asko eskatzen du, baina nik gogoko dut herritarrak bulegoan artatzea, eta gauzak esplikatzea. Etorkizunerako ere balio duela iruditzen zait, eta dinamika bat sortzen duzu.

Antza, gero eta jende gutxiagok hautatzen du idazkari lana, eta zaila dago ordezkoak aurkitzea. Zergatik?

Egia da hautaketek legedia asko jakitea eskatzen dutela. Ez dago erraza. Berez habilitazio nazionaleko postuak dira, eta azterketa oso gogorrak egin behar dira; baina horiek gutxi dira eta udal handietara joaten dira. Eta bai, eskualdean badira idazkaria behar dutenen kasuak. Beharbada atal juridikoari garrantzia gehiegi ematen zaio. Izaera bat ere behar da. Niretzat erakargarria da. Herrigintza asko gustatu behar zaizu, eta beharbada herrigintzarekin ere bat etorri behar zara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!