Autonomo eta enpresa txikiak laguntzeko, 20.000 euro

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 10a, 18:00

Amezketako Udalak diru laguntza berria onartu du egoera ekonomiko larrian dauden herritarrak laguntzeko; zergen eta tasen ordainketa epeak luzatu egin ditu.

Amezketako Udalak, amezketarren artean Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoak leuntzeko, herriko enpresa txiki eta profesional autonomoentzat bideratutako diru laguntzak onartu ditu. Horrez gain, udal zergei dagokionean ere, hainbat aldaketa egin ditu «herritarrei laguntzeko helburuarekin», esaterako, horien ordainketa epeak luzatuz.

Enpresa txikiak eta autonomoak laguntzeko Amezketako Udalak 20.000 euroko diru kopurua onartu berri du, eta eskariak diru kopuru hori gailenduz gero, udalak diru gehiago bideratuko duela onartu du.

«Azken bi hilabeteetan herriko zenbait jarduera ekonomiko itxita edo partzialki itxita egon dira, eta Amezketako Udalak jarduera ekonomiko horiei bere laguntza eskaini nahi die, diru kopuru bat emanez», argitu dute udaletik. Horretarako, udalak onartu berri duen diru laguntza horiek arautuko dituen oinarriak jaso ditu, eta bertan zehazten dira diru laguntza jasotzeko betebeharreko baldintza zehatzak. Informazio hori herriko enpresa txikien titularrei eta autonomoei pertsonalki helaraziko zaiela azaldu du.

Jaso daitekeen diru laguntza «jardueran izandako galeraren araberakoa» izango da, eta «800 eurora arte» iritsi daiteke. Diru laguntza hauek beste erakunde publikoetatik jaso daitezkeen diru laguntzekin bateragarriak direla azpimarratu dute, eta aldi berean, diru laguntza jasotzeko zenbait agiri aurkeztea beharrezkoa izango da.

Esan bezala, informazio zehatza helaraziko zaie egoera horretan daudenei, eta azalpen gehiago behar izanez gero udala prest agertu da horretarako. Inork informazio zehatza ikusi nahiko balu, udaleko web orrian ere zintzilikatu dute.

Herriko laguntzen informazioaz gain, eta lagungarria izan daitekeelakoan, www.amezketa.eus webgunean hasieran eta eskuinaldean, Covid-19 Informazio bilduma izenburupean, «mikroenpresa eta profesional autonomoentzat baliagarria den diru laguntzen informazioa jasotzen da, zenbait erakunde publiko nahiz pribatuena», gaineratu du udalak. «Aukerak hor daude eta norberak ikusiko du noraino komeni zaion diru laguntza bat edo bestea eskatzea».

NORBANAKOENTZAT ERE BAI

Espainiako Gobernuak martxoaren 14an ezarritako osasun larrialdiaz geroztik, hainbat erakunde publiko, enpresa, familia eta gizabanakoren ohiko jarduerak «aldatuta eta aldrebestuta» geratu direla ekarri du gogora Amezketako Udalak. Eta ez ditu ahaztuta utzi nahi izan egoera zaila bizitzen ari diren norbanakoak.

Enpresa txiki edo autonomoekin egin moduan, herriko bizilagunei zuzendutako baliabide ekonomikoak ere onartuta ditu udalak, «norbanakoen egoera zailei erantzuteko». Helburu honetarako ere Amezketako Udalak dagokion diru kopurua handitu egin du.

Baliabide ekonomiko horien kudeaketaz udaleko gizarte zerbitzuak arduratuko dira orain arte egin moduan. Udaletik egoera zail batean dauden herritarrei gonbita egin zaie «inolako zalantzarik gabe» udal gizarte zerbitzuetara hurbiltzeko, eta «norberaren egoera azaltzeko». Udala, «sentsibilitate handienarekin eta diskrezio osoz» laguntzen saiatuko dela aurreratu dute. Kasu hauetan, gogoratu behar da, ezinbestekoa dela udal gizarte zerbitzuekin aurrez aurre egoteko aurretiko hitzordua hartzea udaletxera deituz.

EPE ETA KOPURUAK ALDATUTA

Udal zerga eta tasei dagokionean ere hainbat aldaketa onartu dituzte. «Ezinbestean eta aurreko urteekin alderatuz, epeetan eta kopuruetan zenbait aldaketa izango dira». Hasteko, eta udal zergei dagokionez, ibilgailuen gaineko zergan, lehen maiatza amaiera arte izaten bazen ordaintzeko borondatezko epea, aurtengoan ekainaren 10etik uztailaren 30era artekoa izango da borondatezko ordainketa egiteko epea.

Ondasun higiezinen gaineko zergan, aldiz, lehen ekaina amaiera arte izaten bazen borondatezko epea, aurtengoan, abuztuaren 1etik irailaren 15era bitarte luzatu dute borondatezko ordainketa egiteko epea.

Udaletik beti gomendatu izan dute zergak helbideratzea, batik bat, herritarrarentzat erosoagoa delako. Horrela denean, zergaren titularraren banketxetik zergaren kobrantza borondatezko epearen azken egunean egiten dela diote. Beste kasuetan, norberak banketxera joan beharko du, aipatu epearen barruan, zergaren ordainketa egitera.

Udal tasei dagokionez, urtero bezala, hondakinen tasaren kobrantza irailaren amaieran egingo da, eta 2020 urterako tasa berriak aplikatuko dira. Udalak hondakinak biltzeko sistema berri bat landu zuen urtearen lehen hiruhilekoan abian jartzeko asmoarekin, baina, jakina den moduan, larrialdiaren ondorioz sistemaren ezarpena atzeratu egin da.

HONDAKIN BILKETA BERRIA

Orain, berriz, eta Tolosaldeko Mankomunitatearekin adostuta, Amezketako Udalak hondakin bilketarako sistema berria ezartzeko garaia iritsi dela uste du: «Honek onurak ekarriko dituelako hondakinen kudeaketan». Adostutako hasiera data uztailaren 1a izango da.

Aste batzuetara udalak informazio kanpaina bat zabalduko du herrian bilketa berriaren informazio zehatza herritarrei eskaintzeko. Informazioaz gain, sistema berrirako beharrezkoak izango diren zenbait elementu banatuko dituzte.

Hondakinei dagokionean ere, zenbait jarduera ekonomiko itxita egon direla eta azken bi hilabeteetan, udalak jarduera horiei eskaini ez dien zerbitzuagatik dagokien zatia ez kobratzea erabaki du.

Gimnasioaren kasuan, berriz, urtearen hasieran urte guztirako bazkidetza egin zutenei kuotaren zati proportzionala itzuliko die, eta lehen hiruhilekoa ordaindu zutenei gimnasioa hilabete oso batean erabiltzeko aukera emango die.

Udal zerga eta tasen inguruko informazioarekin bukatzeko, Amezketako Udalak garbi utzi nahi izan die herritarrei: «Krisi egoera dela eta, herritarren batek ezin badie zerga eta tasen ordainketei aurre egin, herritarraren eskubidea da zerga obligazioaren aplazamendua / atzerapena eta frakzionamendua eskatzea». Horrela jokatzeko prozedura araututa dagoela adierazi dute udaletik, eta udaletxean prozedura horren berri emango zaiola horrelako egoeran dagoen herritarrari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!