Zazpi Iturri Pilota Klubak jarraipena izan dezan bilera deitu dute

Ataria 2020ko ekainaren 9a

Xalton Zabalak klubean zuen jarduna utzi egingo du, eta ordezkorik ezean desagertu daiteke; bihar 20:00etan izango da bilera.

Amezketa pilotaren herria da beste gauza askoren artean. Zazpi Iturri Pilota Klubak eragin handia izan du amezketarrak pilotara gerturatzen, eta bertatik atera dira hainbat pilotari profesional ere. Orain, ordea, klubak bizirik jarraitu dezan erreleboa aurkitu beharrean daude. Bihar, 20:00etan kultur etxeko areto nagusian egingo da bilera.

Bere historian zehar, Zazpi Iturri Pilota Klubak, «poz asko eman dizkio Amezketari», azpimarratu dute udaletik, eta gaineratu, «poz hauek, besteak beste, Xalton Zabalak urteetan zehar egin duen lanaren ondorio izan dira». Orain, Xalton Zabalak bere jarduna uztea erabaki du, eta erreleborik ezean, Zazpi Iturri klubaren desagertzea etor daitekeela gogorarazi dute.

Pilota eskolako haurren gurasoak eta Amezketako Udala harremanetan egon dira, eta garbi dute Amezketan pilota kluba edukitzen jarraitzeak garrantzia duela. Horregatik, pilota gustatzen zaien amezketarrei, eta Zazpi Iturri Pilota Klubak aurrera jarraitzea nahi duten herritar guztiei bilerarako deia egin diete. «Bertan aztertuko dugu ea nola eman diezaiokegun jarraipena klubari», argitu dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!