Gaur irekiko ditu ateak Amezketako udal liburutegiak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko mai. 28a, 13:00

Udalak udaletxeko zerbitzuak ireki ditu, eta horrez gain liburutegia irekiko du, eta astelehenetik aurrera baita gimnasioa ere; higiene neurriak bete beharko dira.

Gipuzkoa astelehenetik bigarren fasean sartu dela eta, fasea erregulatzen duen araudiak zenbait udal zerbitzu zabaltzeko aukera ematen die udalei. Amezketako udal arduradunek horretarako «nahia eta borondatea» agertu dute, eta zehazki, udaletxea, liburutegia eta gimnasioa irekiko dituzte. Nahiz eta egoera berezia izan, udal zerbitzu horiek herritarren eskura jarriko dituzte, «baldintza bereziekin».

Martxoan itxi eta gero, udal liburutegiak gaur irekiko ditu ateak berriro. Ohiko ordutegia izango du bai liburuen mailegu zerbitzua emateko eta baita liburutegian bertan egoteko ere, haurrentzako eremuan izan ezik. Ikasketa gela bezala erabiltzeko zerbitzua ere martxan jarriko da. Hala ere, udaletik herritarrak ohartarazi nahi dituzte: «Liburutegiaren barruan lekuaren okupazioaren herena bakarrik baimentzen da».

Erabiltzaileek betebeharreko puntuak daude. Hau da, nahitaezkoa izango da behin kultur etxera sartuta maskara jarrita eramatea. Horrez gain, eskuak liburutegian egongo den gelarekin garbitu beharko dira, eta azkenik, kultur etxe guztian distantziak gorde beharko direla azpimarratu dute.

KIROLA EGITEKO GUNEA ERE BAI

Gimnasiora sartzeko irrikaz dauden amezketarrek astelehenera arte itxaron beharko dute. Ekainaren 1ean gimnasioa bazkideei zabalduko zaie. Ohiko ordutegia izango badu ere, kasu honetan ere, erabilpen baldintza berriak bete beharko dituzte bazkideek.

Bigarren fase honetako araudiak kirol instalazioen okupazioa herenean baimentzen duela gogorarazi du Amezketako Udalak, beraz, «gehienez hiru pertsona egon daitezke batera gimnasioaren barruan».

Gainera, bi makina erretiratuko dituzte, erabiltzaileek mantendu beharreko distantziak errespetatu ahal izateko.

Kirol saioa hastean, eskuak bertan egongo den gelarekin garbitu beharko dira. Behin saioa amaitu, eta atera aurretik, erabilitako makina guztiak garbitu egin beharko ditu erabiltzaileak: «Bertan egongo den desinfektatzailearekin erabilitako makina bakoitzeko euskarri eta eskubandak pasa beharko dira».

Gimnasioaren kasuan ez dute erabilerarako denbora mugarik ezarri, eta ez dela zehaztasunean okupazioa begiratuko argitu badute ere udaletik, «erabiltzaile bakoitzari erantzukizuna eta ardura eskatzen zaio».

UDALETXEKO ZERBITZUAK

Astelehenetik udaletxea eta bertan ematen diren bi zerbitzu nagusiek, hau da, udal bulego nagusiak eta udal gizarte zerbitzuek, ohiko ordutegia berreskuratu dute. Herritarrak bertara hurbildu ahal izango dira.

Higiene neurriak betetzeko bi itxaroteko gela egokitu ditu udalak, bata bulego nagusirako sarreran, eta bestea gizarte zerbitzuetarako igogailuaren ondoan. Aulkiak distantziak gordetzeko moduan jarri dituzte, eta derrigorrezkoa izango da, udaletxeak herritarrekin hitz egiteko garaian higiene neurriak betetzea.

Hasteko, maskara jarrita sartu beharko da udaletxera. Jarraian, itxaron geletan egongo diren gelekin garbitu beharko dira eskuak. Eta gogoan izan beharko da udaletxe guztian, hau da, itxaron geletan eta bulegoetan distantziak gordeko beharko direla.

Nahiz eta herritarrei ateak zabaldu, udalak telefonoz eta modu telematikoan herritarrak artatzeko aukera emango duela kontuan izatea nahi dute, eta «modu eraginkor, arin eta errazak direla kanal hauek udal izapide asko egiteko».

IGOGAILUA, BEHARRA DENEAN

Bukatzeko, herritarrei azken ohar bat jakinarazi die udalak. «bai udaletxean, bai kultur etxean ere, ahal dela, eskailera erabili beharko da, eta igogailuaren erabilera ezinbesteko gutxienekora mugatu beharko da», argitu dute. Pertsona bat sartu ahalko da aldi bakoitzeko, salbu laguntza behar duten pertsonen kasuan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!