Amezketako I. Pintxo Lehiaketa Digitala antolatu dute

Ataria 2020ko maiatzaren 13a

Oraindik ere etxean denbora asko egon beharko dela eta, Amezketan I. Pintxo Lehiaketa Digitala antolatu dute.

Parte hartzaileek etxean egindako pintxo baten bi argazki bidaliko dituzte gazteria@amezketa.eus helbide elektronikora. Argazki batean pintxoaren jabea agertuko da, pintxoa platera batean duela, eta bestean pintxoa bakarrik. Argazkiak bidaltzeko epea zabalik dago eta igandea da horretarako azken eguna. Pintxoen argazkiak, udaleko Facebook kontuan jarriko dituzte ikusgai hilaren 18an, pintxo bakoitza norena den jarri gabe.

Bi sari banatuko dituzte, eta herriko produktuekin osatutako saskiak izango dira. Bata epaimahaiaren saria izango da eta hilaren 20an erabakiko dute, hiru arlo baloratuta: itxura, originaltasuna eta elaborazioa. Bestea publikoaren saria izango da, eta egun bereko ordubatean, Atsegin dut gehien dituen argazkiko pintxoa izango da publikoaren sariaren irabazlea.

Hilaren 21ean emango dituzte ezagutzera bi irabazleen izenak udaleko App-aren, Facebooken eta whatsapp-aren bidez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!