Aurreko astean egin zuen deialdia Amezketako Udalak maskarak egiteko boluntarioak eskatuz. Ordu gutxitan, "izugarrizko" erantzuna jaso zuten. Udaletik, lehenik eta behin, "mila esker lan hauetan aritu zareten guztioi", adierazi dute. Aralar papelerari ere eskerrak eman dizkiote eman dieten "material guztiagatik", eta baita Ados lentzeriari ere "gomak eta hariak emateagatik".
Maskara hauek egiterako garaian "higiene neurriak" errespetatu dituztela nabarmendu dute, eta egin ondoren "isolatuta eduki ditugu denbora tarte batez". Boluntarioek helduentzat eta haurrentzat egin dituzte maskarak, eta orain etxez etxeko banaketa egiten hasiko da udala.
Bestetik, Amezketako farmaziarekin hitz egin du udalak: "Hauek ere gogotik ari dira lanean, eta datozen asteetan FFP1 motako maskarak bertan erosi ahal izango direla esan digute". Espainiako gobernuak 0,96 euroko prezioa ezarri dio maskara bakoitzari, eta maskarak erosteko zailtasunak dituztenengana zuzendu da Amezketako Udala: "Erosteko zailtasunak dituztenek udaletxera deitu dezakete boluntarioek egindako maskara gehiago eskatzeko, eta etxera eramango dizkiegu".
Gainera, 65 urtetik gorako herritar guztientzat FFP2 motako maskarak erostea erabaki duela eman du ezagutzera udalak. Gestioak egiten ari dira, eta dena "ondo bidean" eta "hornitzaileak agindutakoa betetzen badu", maskara horiek ere datozen egunetan banatuko dituzte udaletik.
Beste behin, udalak herritar guztiei mezu garbi bidali die: "Gogorarazi nahi dizuegu ezarrita dauden neurriak zenbat eta hobeto bete, orduan eta lehenago egingo diogula aurre larrialdi honi".