Koronabirusa

Nahikoa boluntario lortu dituzte maskarak egiteko

Ataria 2020ko apirilaren 22a

Amezketako Udalak herrian maskarak egiteko ekimena jarri du martxan, eta deialdiak erantzun bikaina izan du: "Nahikoa boluntario lortu ditugu", adierazi dute.

Bi herritarren ideiatik abiatuta Amezketako Udalak maskarak lortzeko dagoen zailtasunaren aurrean herrian egiteko pausoa eman du. "Jakina da maskara homologatuak lortzeko zailtasun handiak daudela eskaria izugarri handitu delako. Maskara homologatua lortu ezin den kasuan, etxean egindakoak erabiltzeko gomendioa eman dute osasun adituek", azaldu du udalak. Honen aurrean, "Amezketan bertan maskarak egiten hasiko gara, eta gero herrian dohainik banatuko ditugu", gaineratu du.

Prozesu honek Amezketako Udala, Aralar papelera eta herritarren inplikazioa eskatuko duela ere adierazi du: "Papelera osasungintzara bideratutako materiala egiten ari da, eta material honen zati bat udalari emango dio".

Herritar batek froga bat egin duela esan du udalak, eta irudian ikusten denaren moduko maskarak egin asmo dituzte. "Prozesua erraza da, baina maskara kopuru handia egiteko herritarron laguntza behar dugu", dio.

Ekimena martxan jarri, eta berehala lortu dituzte beharrezko boluntarioak. Materiala etxera eramango diete, eta amaitutakoan baita jaso ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!