Koronabirusa

Baserriko leihoa egunero zabalik

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko api. 15a, 10:30

Amezketako Argaia Goena baserriko Aintzane Garmendiak egunero bideo labur igotzen du youtubeko bere kanalera, baserriko bizimodua eta animaliak familia ezberdinei gerturatzeko.

Amezketako Argaia Goena baserriak azken asteetan egunero zabaltzen du bertako leihoa. Jolas edota galderen bidez, bertako bizimodua eta animaliak erakusten ditu Aintzane Garmendia baserritarrak bideo laburretan: «Ideia hau betidanik izan dut buruan», dio.

«Garai batean ume asko zeuden baserrikoak zirenak. Gero, beste belaunaldi bat etorri zen, behintzat, aiton-amonak baserrikoak zituztenena, eta baserri txiki horrekiko harremanak jarraitzen zuen; orain, ordea, uste dut, baserri txiki horrekiko harremana edukitzeko oso aukera gutxi duen belaunaldia iritsi dela», azaltzen du Garmendiak. Baserri txikia «ZIU-n» sartua dugulako dela azpimarratu du baserritarrak, eta «modu bat sortu nahi nuen gaur egungo ume, gazte edo nahi duenak baserri txiki horrekiko harremana izan dezan».

Bizitzen ari garen itxialdi egoera honek eman dio azken bultzada: «Umeak eskolara joaten ez direnez, pentsatu nuen aukera polita izan zitekeela, baserria, birtualki bada ere, bizi dezaten», argitu du.

Hogei bideotik gora igo ditu Argaia Goenak youtuben duen kanalera. Ideiak ez zaizkio falta: «Irudimenari ere eman behar zaio, baina ez ditut izugarrizko bideoak egiten. Beti hiru edo bost minutuko bideoak egiten saiatzen naiz, gauzatxo batzuk erakusteko. Nekagarria izan gabe».

Baserri txikia dute, baina askotarikoa da: oilaskoak, txerriak, ardiak, behiak, baratzea... Jokoa ematen diote guztiek, bideo labur horiek grabatzeko. Bideoak grabatu, muntatu eta zabaltzeko ardura berea du Aintzane Garmendiak: «Ni neu aritzen naiz, eta ez dut nik nahiko nukeen beste denbora. Hiru ume ditut, eta jolasean daudenean, eta txikiena siestan dagoenean aprobetxatzen dut».

Baserriko lanez gain, teknologia berriekin ere saiatzen da: «Oinarrizkoa kontrolatzen dut, eta askotan berak kontrolatzen nau ni», dio irribarre artean.

HAURTZAROKO OROITZAPENAK

«Umeek eta gazteek, batik bat, baserri txikiarekiko harremana mantentzea gustatuko litzaidake», nabarmentzen du helburuen artean. Hori beharrezkoa dela baserria maitatzeko uste du: «Nik baserriari heldu badiot, eta maitasuna badiot, haurtzaroan bizitu izan nuelako da».

«Askotan lehen sektorea bultzatu nahi da, eta gazteek lehen sektoreari eustea nahi da, baina gazte horiek ez badute inoiz baserria bizitu, eta ez badute inolako aukerarik eduki horretarako, oso zaila da hain arrotza zaizun horri heltzea», azaldu du. «Nik nahi dudana da, ez dadila izan hain arrotza haur horientzat, ez dadila izan hain Erdi Arokoa. Gaur egun, gutxi, baina bagaude». Helburu nagusia ezagutzera ematea duela aitortu du: «Eta jada lortuko balitz horretarako nahi edo pasio hori duenak etorkizun batean horri heltzea, oso urrutira heldu naizenaren sentsazioa izango nuke; amets bat betetzea izango litzateke».

Seme-alabak Abaltzisketako Zumadi eskola txikiko ikasleak dira, eta bertako haurrengan pentsatuta hasi zen bideoak egiten eta bidaltzen. Hor hasten da zabaldu diren bideoen historia. «Guraso batzuek galdetu zidaten ea zabaltzea posible izango al zuten, eta nik baietz esan nien; eta bide batez, ni ere zabaltzen hasi nintzen». Bideoen harira, elkarrizketa bat baino gehiago egin ditu komunikabideetan, eta gorantz doa bideoen zabalpena, eta baita Argaia Goena baserriko produktuena ere.

«Zenbaitek esan didate leihotxoaren zain egoten direla, eta behin ikusita hasten direla eskolako lanak egiten. Dinamika hori hartua dutela». Pozik dago amezketarra: «Beraiek baino askoz ere ilusionatuago nago. Horrelako intentziorik gabe hasi, eta izugarrizko poza ematen dit horrelako erantzuna izateak».

Ez zuen inondik inora espero honelako erantzunik. Konfinamendua hasi, eta zazpigarren egunean edo bururatu zitzaion hastea. «Bat-batean piztu zitzaidan, eta neure buruari esan nion, oraintxe hasiko naiz». Oparitzat hartu du jendearen erantzun ona: «Gustura egiten diren lanek pisu gutxi izaten dute». Guzti honek, ordea, lana gehitu du Argaia Goena baserrian, eta denboraz larri ibiltzen dela dio, «erdi lapurretan».

Bideoek bere proiektua eta lanbidea zabaltzen ere lagundu diote Aintzane Garmendiari: «Jende dezentek deitu dit bideoa ikusi dutela eta, zer egiten dugun begiratzera sartu direla, eta produktu eske. Bai koronabirusagatik, eta baita bideoengatik ere asko hazi zaigu lana, eta gu bezalako baserri txiki batentzat ona da».

«Elikagaiek uste dut behin ere ez dutela izan eduki behar duten lekua, eta beldurra edo kezka ematen dit, guztia lehengora bueltatzean zer gertatuko den. Jendeak nahi badu, guk eutsiko diogu zerbitzuari», argitu du. «Nik uste dut oso garrantzitsua dela jan behar duguna bertan sortzea. Inork ez zuen inoiz pentsatuko hau gertatu behar zitzaigunik. Euskal Herrian horma batzuk jarriko balizkigukete, ezer atera ez, eta ezer sartzen ez dela, edukiko al genuke nahikoa denok bizirauteko?», luzatu du galdera, eta jarraitu du: «Honelako katastrofeetan jarri behar gara ikusteko zein oinarrizkoa den bertan jaten duguna bertan sortzea? Nik uste dut askotan burua joan egiten zaigula, eta beharrezko gauzei ez diegu garrantzirik ematen».

AURRERA BEGIRA

Behin itxialdia bukatzean Argaia Goena asteburuetarako leiho bihurtuko dela pentsatzen du. «Leihoa astean behinekoa bihurtuko da, egunerokoa beharrean. Egun finko bat hartzea gustatuko litzaidake, edo larunbat edo igande, leihotxo hori irekitzen jarraitzeko». Eta ateari dagokionean: «bada beste ideia bat buruan darabilkiguna, baserrira bisitak egitearena», esan du. «Zenbaterainoko taldeak izan behar duten pentsatu beharko genuke, eta egun finko batzuk jarri beharko genituzke». Azkenean, Argaia Goenak, ez dio baserri izateari uzten, hau da, familia bat da eta era berean, baita lantokia ere; guztia uztartu beharko lukete.

Ez du bukatu nahi izan esker hitzak eman gabe. Argaia Goena bizirik mantentzen duten bezero guztiak izan ditu gogoan: «Haragi lote batean, haragia baino gehiago ematen dute. Bertako ekonomia eta bertako ingurua zaintzen dute».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!