Koronabirusa

Ohar berriak, arduratsu jokatzeko eskatuz

Ataria 2020ko api. 3a, 09:29

Amezketako Udalak, konfinamenduaren  hirugarren astean sartuta, orain artean herritarrek egin duten ahaleginari eusteko eskatu nahi die, "arduratsu jokatzeko".  Zenbait ohar jakinarazi nahi dizkie herritarrei. 

Lehen oharrean Osakidetzaren ohar berria nabarmentzen du: "Eztula, sukarra, eztarriko mina edo arnasa hartzeko zailtasunak dituenak, orain, Amezketako osasun-zentrora deitu behar da, 943 653212, eta han telefonoz erantzungo diete". Osasun Kontseiluaren 900 203050 telefonoan, koronabirusari buruzko informazioa eman eta zalantzak argituko dira.
 
Bigarrena, "gogoratu nahi dizuegu udalak 657 370 156 telefono zenbakia duela herritarren zerbitzura, berrogeialdian dauden pertsonentzat, adinekoentzat, edota bestelako ezintasunak dituzten herritarrentzat". Erosketak egiten laguntza eskaintza da. Eta "herritarren batek beharrean dagoen pertsonaren baten berri badu, lasai dei dezake telefono horretara, eta udalari informatu", azpimarratu dute.
 
Hirugarren puntua udalari berari dagokio: "Zerbitzu esentziala izanik, lanean jarraitzen dugu hainbat zerbitzurekin. Eremu publikoetako garbiketa eta desinfekzioa areagotu egin da, Gizarte Zerbitzuak aktibo daude, eta laguntza beharrean egon daitezkeen 70 urtetik gorako herritar guztiei edo bere senideei deitu zaie beren beharren jarraipena egiteko". Udaletxean telefonoz eta telematikoki ari dira herritarrak artatzen.
 
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko webguneetarako bi lotura jarri ditu herritarren eskura. Eusko Jaurlaritzaren informazio eta neurriak, besteak beste, "laguntza ekonomiko, sozial eta enpresarien informazioa agertzen da"; eta bestetik, Gipuzkoako Ogasunaren informazioa, zergen ingurukoa, "batik bat autonomo eta enpresa txikientzako oso baliagarria".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!