Koronabirusa

Barkatu irakurle, baina behar nuen

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2020ko mar. 29a, 20:59

Testu hau irakurtzean agian haserretuko zara irakurle, nirekin. Baina, etxean itxita gauden honetan, zer nahi duzu ba esatea, ezin dut gezurrik esan. Egiatiago bilakatu naiz.

Badakit ez dudala mundua aldatzeko botererik, baina apur bat errudun sentitzen naiz, aizu. Baziren hilabete batzuk, benetan zer nahi nuen neure buruari galdetu eta barru-barrutik «gaixotzea» erantzuten nuena. Gaixotu? Zertarako, bada? Ba, etxean lasai egon eta niretzako denbora izateko hain zuzen. Ardurarik gabe. Zurrunbiloan sartuta egon gabe. Gero pentsatzen nuen ordea, ez zegoela gaixotu beharrik, gauza batzuei ezetz esan, eta kitto! Baina, felixek orain arte gutxitan esan du ezetz. Ezetz esatea, zera egiten zaio, bortitza, biolentoa. Aukeratzea ere bai. Bat aukeratzeak, besteari ezetz esatea esan nahi duelako. Beraz, felixek ia bere bizitzako 30 urteak daramatza, ahal dela aukeratu gabe. Egoera papera etortzen zaionean aprobetxatu eta, joaten denean, beste aukera baten zain egon.

Zain egon. Horixe da hitza. Koldarra naiz. Zain egoten naiz, beti. Inoiz ez noa ezeren atzetik. Zergatik? Agian, ezezkoa jasotzeko beldurragatik.

Tira, kontua da, azken aldian geroz eta indar gehiagoz eskatzen ari nintzen gaixotzea eta zer da eta, ni ez, mundu osoa gaixotu da. Eta felix osasuntsu. Inoiz baino osasuntsuago.

Zurrunbilorik gabe, etxean lasai, lana ere neurrian dator azken egunetan, irakurtzeko denborarekin, kirola egiteko... eta batez ere, etxean egoteko. Etxean egoteko beharra nuen. Baina, gauzei ezetz ez esatearekin, neure buruari esaten nion beeeeeti ezetz. Eta, neure buruari ezetz esaten nionez, neure burua utzi dut bazterrean, neure buruarekin ez nengoen gustura. Lotsatuta nengoen, haserre. Horregatik nengoen beti besteekin, neure burua aparte utziaz.

Eta berdin etxearekin. Ez dakizu, irakurle, zeinen gustura nagoen, behingoz. Martxoaren 14an inoiz ez bezalako garbitua eman nion etxeari, gauza batzuk lekuz ere aldatu nituen eta, aizu, ez dakizu nire begientzat zenbat aldatu den. Ez dakizu zenbat behar nuen, NIRE etxean egote hau. Behingoz nire sentitzen hasi naiz. Eta, maiz-maiz garbitzen hasi ere bai, zeinek esango zidan.

Hilabeteetako lana dago aldaketaren atzean, baina badakizue, sakoneko lana ez da ikusten. Eta nik ere, azken aldian egiten ari nintzen lana, ez nuen ikusten. Eta orain, munduaren gaixoaldian, udaberriarekin batera, hostoak eta loreak ikusten hasi naiz. Zuhaitzetan bezala, egun gutxiren buruan. Eta gainera, inori ezetz esan gabe.

Nire oinarriarekin bat egiteko halere, egun gehiago behar ditut. 40? Agian ez dira nahikoa izango. Baina, nahiz eta hau amaitzean oraindik guztiz oinarriarekin bat egin ez, gauza batzuk aldatuko dira niregan.

Barkatu, irakurle. Badakit ez dela nire errua izan baina, nik behintzat, behar nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!