Koronabirusa

Amezketako Udalak neurri berriak onartu ditu

Ataria 2020ko mar. 26a, 09:21

Amezketako Udalak neurri berriak eman ditu jakitera. Besteak beste, erosketak egiteko beharra duten herritarrentzat telefono zenbaki bat jarri dute eskura, behar duten laguntza eskatzeko.

Egoera honen ondorioz berrogeialdian dauden pertsonentzat, adinekoentzat, edota bestelako ezintasunak dituzten herritarrentzat, erosketak egiteko (janaria, farmaziako produktuak, edota bestelako oinarrizko produktuak) zerbitzua jarri du martxan. Zerbitzu hori erabiltzeko 657 370 156 telefono zenbakia jarri dute herritarren eskura. "Mesedez, zerbitzu hau arduraz erabiltzea eskatzen dizuegu", ohartarazi dute udaletik.
 
Gobernuak administrazio prozedurak izapidetzeko epeak eten dituela eta, alarma egoera bukatu arte iraungo duela jakinarazi du: "Honek esan nahi du administrazio guztietako diru laguntzen, lizentzien eta eskaeren epeak etenda daudela. Horrela, udalarekin ezinbesteko tramiteak besterik ez egitea eskatzen dizuegu, gure esfortzuak eta lanak krisi egoera arintzera eta kudeatzera dedikatzeko". Ibilgailuaren zerga ez da kobratuko larrialdi egoera pasatzen den arte.
 
Udal Gizarte Zerbitzuak bakarrik dauden adinekoen jarraipena egiten ari dela adierazi dute.
Horrez gain, herriko eremu erabilienak desinfektatzen ari dira: Kutxazaina, zabor ontzi eta inguruak, kaleak…

Hondakin bilketaren inguruan, hurrengo neurriak hartu dituzte Tolosaldeko Mankomunitateak eta Amezketako Udalak: 
Andoain eta Tolosako Garbiguneak itxita egongo dira partikularrentzat. Momentuz, udal zerbitzuek eta gremioek soilik erabili ahalko dituzte. Larunbatetan itxita egongo da.
Traste zaharren bilketa zerbitzua eten egin da, beraz, Amezketan apirilaren 6an izango zen bilketa bertan behera gelditzen da.

Positibo direnek, hiru poltsa
Gaixo dagoen pertsonak sortutako hondakin guztiak (eskularruak, zapiak eta maskarak)  gaixoaren gelan jarritako zabor-ontzi batean sartu behar dira. Zabor-ontziak poltsa bat izan behar du eta ontziak, ahal dela, estalkia izan behar du eta irekitzeko pedala duen horietakoa izatea gomendatzen da.
Behin poltsa hori behar bezala itxita, gelako irteeratik gertu jarri behar den plastikozko bigarren poltsa batean sartu behar da. Bigarren poltsa horretan gainera, zaintzaileak erabilitako eskularruak eta maskarak sartu behar dira ere eta behar bezala itxi behar da gelatik irten baino lehen. Bigarren poltsa hori gainontzeko hondakinekin batera sartu behar da (organikoa, ontzi arinak, papera...) eta hirugarren poltsa batean sartu, behar bezala itxiz. 
Aurreko hiru pausoak egin eta berehala eskuak sakonki garbitzeko eskatu dute ere, ura eta xaboiarekin, 40-60 segundoz gutxienez.
Hondakin guztiak biltzen dituen poltsa hori (hirugarrena) errefusarako edukiontzian sartu behar da. 
Informazio gehiagorako 943 67 62 16 telefono zenbakira deitu ahal da, edo info@tolosaldekomankomunitatea.eus helbidera idatzi. 
 
Azkenik, herritarren eskura jarri du, "egoera honen ondorioz sortzen diren zalantzen inguruan ertzaintzak udalera bidali duen dokumentua": Osasun-larrialdiari buruzko Ertzaintzaren irizpideak

Bukatzeko, "jakin ezazue edozein beharren aurrean udala zuen zerbitzura duzuela 943 65 31 89 telefono zenbakian".
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!