Aisha Etxeberriak lehen partida irabazi du binakakoan

Ataria 2020ko urtarrilaren 20a

Pilotari amezketarrak Arantxa Arratibel ataundarrarekin batera lortu du garaipena Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketaren lehen jardunaldian, Ataungo Auzeota pilotalekuan.

Leku gutxi frontoia bezalakorik neguko denboraleei aurre egiteko eta Ataungo Auzeota pilotalekua bete egin zen larunbat arratsaldean binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketako lehen aurre-kanporaketa bertatik bertara ikusteko. Harmailetan 150 lagun inguru bildu ziren, horietako asko Arantxa Arratibel, bertako alaba, animatzeko. Etxeberria amezketarrarekin batera lehen kanporaketa gainditu dute.

Txapelketari hasiera eman dion partidan, Nerea Sagarna (Larrabetzu) eta Haizea Marijuan (Santurtzi) bizkaitarrek Jaione Urania eta Irati Usandizaga oñatiarrei irabazi diete 8-18. Debagoienekoek ez dute egun onik izan, Madalen Etxegarai eta Uxue Oses ere kanporatuta geratu baitira, baina berriro ere ordezkaritza zabala dute txapelketan.

Ikusminik gehien sortu duen partida izan da, halaber, orekatuena, eta Arantxa Arratibel ataundarrak eta Aisha Etxeberria amezketarrak 18-13 irabazi diete Altsasuko Udane Vergara eta Alaia Ruiz de Infante gasteiztarrari, partida osoan aurretik joan ostean.

Eguneko beste interes puntu garrantzitsu bat Gentzane Aldai eta Olatz Arrizabalagaren pilota mistoarekin jokatzen ikustea izan da. Material honekin ausartu dira lehen aldiz bizkaitarrak eta lehen proba oso positiboa izan da, ez baitiote aukerarik eman Oñatiko bikoteari (18-4). Uxue Osesek zailtasun handiak izan ditu  Arrizabalagaren sakeak erantzuteko.

Azken norgehiagokan, Ibone Salinas eta Andrea Capellan errioxarrek Hiart Arakistain (Sopela) eta Miren Olondori (Bermeo) ez diete inolako aukerarik eman (18-5).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!