Olentzeroren basoa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2020ko urt. 19a, 10:00

Abenduaren 17an joan nintzen. Egun osoan euririk ez eta, hara: gure txanda 19:10etan bazen, elizako kanpaiek zazpi aldiz jotzearekin batera-edo hasi zen euria. Eta nik, harritzekoa, aterkirik ez.

Pereza punttu batekin beraz, ekin nion Olentzeroren basoan murgiltzeari. Punttua segituan joan zen ordea. Lehen zuhaizpean (ez galdetu niri ze motakoa zen) kriseilutxoak eskuan eta betaurrekoetan arrastoa uzten zuten euri tantekin, halaxe hasi ginen basoan murgiltzen argibide labur batzuekin.

Ondoren «amari»-ren laguntzaz bisitatu genuen basoa, ordubeteko bidaia batean (hala zioen erlojuak, nire baitan ordea, denbora geratu egin zen): leizeak, kantuak, gaztainak, txondorrak, zortea dakarten enborrak, iturria, gurdia... gune guztietan istorioak eta batez ere, gune guztietan: MAGIA. Jakinduria zegoen, bestelako jakinduria bat, bestelako logika bat, bestelako begirada bat.

Liluratuta atera nintzen, hunkituta, pozik, harro... Arrazoiak? Jendearen ilusioan, sinesmenean, maitasunean eta inplikazioan daude (uste dut gehiago esan beharrik gabe ulertzen dela, ezta?). Baina, nostalgia, pena txiki bat eta amorrua ere sentitu nituen. Benetan, hainbeste hunkitzen gaituzten mundu magiko paralelo horiek, eta txunditzen nauen eta nire ere egiten dudan mundu ikuskera hori, zeinen gutxitan praktikatzen dudan/dugun.

Horrelako proiektuak behar dira, eta gehiago gainera! Basoan denborak beste erritmo bat dauka, guztia bat-agoa da, harremana dago elementuen artean. Horrek, basoz kanpo gauza gutxiago egin behar ditugula ekarri zidan gogora, gutxiago kontsumitu eta baita batetik besterako tarteez gozatu ere (ezerezean, egonean). Horrelako proiektu gehiago behar izateak, bestelako proiektuak gutxitzea esan nahi du, lasaiago bizitzeko.

Eta esango duzue: felix, hi ari al haiz lasaiago bizitzeaz lezioak ematen? Ez, ez naiz egokiena. Horregatik hunkitu naiz hainbeste testu hau idaztean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!