95 kaleargi eta zortzi koadro elektriko berrituko dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 16a, 13:20

Amezketako Udalak argiteria publikoa eraginkorragoa izateko aldaketak egingo ditu, eta horretarako diru laguntza lortu du.

Amezketako Udalak herriko argiteria publikoa eraginkorragoa izateko politikari bultzada bat eman nahi dio, eta oraingoan, Ugarte auzoan, Bartolome Deuna kalean, Zumadi eskolara doan bidean eta Eliz kalean 95 kaleargi ordezkatuko ditu. Horrez gain, herriko zortzi koadro elektriko ere eguneratuko ditu hurrengo asteetan.

«Egungo farolak LED teknologiadunak dira, baina urte batzuk dituzte eta ez dira egungo LEDak bezain eraginkorrak, eta ez dute behar adina argi ematen», azaldu dute udaletik. «Amezketako Udala, bere garaian, aitzindari izan zen LED teknologiako argiteria jartzen udalerrian, baina LED argien bilakaera izugarria izan da azken urteotan eta egungoek hobekuntza nabarmenak dituzte», gaineratu dute.

Udaletik argitu dutenez, kaleargiak duela hiru urte Bartolome Deuna kaleko zati batean jarri zituzten mota berekoak izango dira.

Guzti hori kontuan hartu du Amezketako Udalak, eta aste honetan hasi dira argiteri publikoa berritzeko lanekin. Ugarte auzotik hasiko dira ordezpenak egiten, eta zehazki koadro elektrikoak ordezkatzen hasi dira. Lanen ardura Eibarreko Electricidad Cuadra enpresak izango du jakitera eman dutenez.

HIRU HILABETEKO LANAK

Lanak burutzeko epea hiru hilabetekoa izango dela aurreikusi dute, eta udalak egingo duen inbertsioa 152.702 eurokoa izango da, BEZa barne.

Amezketako Udalak, berriztatze lan hauetarako diru laguntza lortua du, hain zuzen ere, Españako Gobernuko IDAE erakundearen bitartez, Eskualde Garapenerako Europako Funtsatik (EGEF-FEDER). «Lanak 2019an burutu nahi ziren, baina lehiaketa publikoaren izapide edo tramiteak luze joan dira», azpimarratu dute.

Esku hartze honekin, «herriko argiteri publikoaren berriztatzeari bultzada garrantzitsua emango zaio», diote, eta hurrengo urteetan, geratzen diren eremuak berritzen joango direla azaldu du udalak: «Bizpahiru urteetan guztiak berrituta geratu arte».

Udalaren esanetan, «berriztatze honek zuzenean eguneratze teknologikoa, energia elektrikoaren kontsumoaren gutxitzea, atmosferara CO2aren igorpena gutxitzea eta mantenu kostuen gutxitze nabarmena dakartza, hau da, eraginkorragoa, jasangarriagoa eta merkeagoa da, eta argi kalitate hobea du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!