Lau helburu kontuan, aurrekontua onartzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 10a, 11:58

Amezketako Udalak 2020an 1.387.868 euroko aurrekontua izango du, eta helburuetako bat azpiegiturak izango dira; %31,8a azpiegitura berriak sortu edo daudenak hobetzera bideratu du.

Amezketako Udalak pasa berri den urteko abenduaren 26an eginiko osoko bilkuran onartu zuen 2020ari dagokion aurrekontua. 1.387.868 euro izango dituzte aurtengorako, iazkoarekin alderatuta, 50.000 euro gehiago. Lau ildo edo helburutan banatu dute aurrekontua, eta zati handi bat azpiegituretara bideratuko dute. Aurrekontuaren %31,8a, hau da, 441.491,12 euro erabiliko dituzte azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko.

Aurrekontuaren sarrerei eta gastuei dagokienez, diru sarreren arloan, %50 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik jasoko ditu udalak; ia %27a udal zerga eta tasetatik berreskuratuko dituzte, eta %23 inguru diru laguntzetatik eta hirigintza aprobetxamenduetatik lortuak izango ditu Amezketako Udalak.

Aurrekontuaren gastuei begiratuz gero berriz, %29a pertsonalari dagokion atala da, beste %29a ondasun eta zerbitzuetara bideratuko da, %7a diru transferentzien atala izango da, eta hauen artean, Amezketako hainbat elkarteei edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko Mankomunitatea edo Tolomendiri bideratutakoak izango dira. Azkenik, gastuen %1,8a maileguen amortizazio eta interesen atalerako izango da. «Azken datu hau, berez baxua izanik, iazkoa baino zertxobait txikiagoa da, eta oro har esan behar da, gastuen atalean azken urteotako proportzioak mantentzen direla», azaldu dute udaletik. Eta «egoera honek garrantzi handia du udalaren diru kontuetan, orekak eta gastuen eraginkortasuna mantentzen direlako eta gastu berriei aurre egiteko gaitasuna gordetzen delako», azpimarratu dute.

Ehuneko horiei, aldez aurretik aipatu moduan, inbertsioetara bideratu dituzten %31,8a erantsi behar zaiola esan dute: «2019an baino pixka bat baxuagoa da, ohiko gastuetarako hainbat programa zabaltzen saiatu delako udala».

2020ko aurrekontua egiterako garaian, Amezketako Udalak lau helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontuan. Lehenengoa, eta azken urteotan egin duten moduan, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da. 2020an, Urzabal auzoan dagoen Ierabizkar errota berriztatzeari lehentasuna emango diote 107.000 euro inguru inbertituz; Larrunarri pilotalekuko teilatuak itoginak ditu, eta horiek kentzeko esku hartzea egingo dute, 25.000 eurorekin; 2019an atzeratu zen Beltzaren plazan dagoen kirol azpiegitura hobetuko da aurten, eta 40.000 euro aurreikusi dituzte lan horietarako; eta kale txukunketarekin eta Ugarte auzoko egokitzapenekin jarraituko dute, eta 28.000 euro gorde dituzte.

Bigarren helburutzat Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitzea dute; laugarren urtez herriaren garapenari begira lan egingo dute, eta horretarako 35.000 euro erabiliko dituzte.

Landa eremua eta zerbitzu publikoak

Aurrekontuaren hirugarren helburu edo ildo nagusia, landa eremuko baserri bideak eta bestelako azpiegitura txikiak hobetzen jarraitzea dute, eta guzti horretarako 70.000 euro inbertituko dituztela argitu dute.

Eta laugarren eta azken helburuan, egun udalak eskaintzen dituen zerbitzu publiko desberdinen mantenuarekin jarraitzea izango dute. Kopurua aurreko urtekoa baino txikiagoa izango dela aurreratu dute, baina «guztien baturak kopuru garrantzitsua egiten du», udalaren ustez. Hala nola, udalak, Bartolome Deuna kalean duen lokal hutsa biltegi berri bihurtuko du; udaletxe azpiko aldagelak eta kultur etxeko komunak egokituko ditu; turismoa sustatzeko Amezketatik Larraitzera doan bidea txukundu eta seinale egokiak jarriko ditu; eta herrian zehar dauden baranda zahar batzuk berrituko ditu.

Beste hainbat alor

Herritar guztiek jakin dezaten, Amezketako Udalak, beste zenbait udal zerbitzuren kostuen aurreikuspenak ere ezagutzera eman nahi izan ditu. Hirugarren adinekoen zerbitzuen atalean, helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 15.000 euroko kostua du, eta Jubilatuen Txokoan ematen den zerbitzua eta hirugarren adinekoen aisialdirako egiten diren hainbat ekimenek 17.000 euroko kostua dute; Gazteleku eta udako ludotekaren zerbitzuan, aldiz, 47.000 euro inbertituko ko ditu; gizon eta emakumeen berdintasuna bultzatzeko, 2020an ere kopurua jarri du, 3.000 euro zehazki; eta herritarren partaidetza bultzatzeko 5.000 euro bideratuko ditu. Horrez gain, udalak 36.000 euro bideratzen ditu urtean zehar Amezketan antolatzen diren festa eta kultur ekitaldi guztiak ordaintzeko.

Bukatzeko, udalak euskararen erabilera bultzatzen jarraitzen duela adierazi dute, eta ekimen eta diru laguntza desberdinen artean 26.000 euro inguru dituzte xede horretarako jasota.

Gardentasuna

Udaletik, beste behin, «amezketar guztiei aurrekontuaren espedientea udaletxean denentzat ikusgai dagoela gogoratu nahi zaie», azpimarratu dute. Hamabost lan egunen barruan, edozein herritarrek udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakiteko eskubidea izango du, eta nahi izanez gero, iradokizun eta erreklamazioak egiteko aukera ere bada.

«Amezketako Udaleko arduradunok garbi daukagu herritarren diruaren kudeaketak gardena izan behar duela, eta horregatik, atsegin handiz, diru publikoa zertan erabiltzen den edozeini behar diren azalpen guztiak emateko prest gaude», nabarmendu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!