Amezketan Larrondoko larrealdirako izen ematea zabalik dago

Ataria 2019ko abenduaren 12a

Behiak, zaldiak, behorrak, ahuntzak eta ardiak Larrondon larreratu nahi dituenak, hilaren 30a  baino lehen udaletxean izena eman beharko du.

Amezketako Udalak Larrondon behiak, zaldiak, behorrak, ahuntzak eta ardiak larreratzeko epea zabaldu du. 2020ko maiatzaren 1ean ireki eta 2021eko martxoaren 31n amaituko da.

Behorrak larreratzeko epea Pilarika egunean, urriaren 12an irekiko da, eta 2021eko martxoaren 31n amaituko da. lzen ematea udaletxeko bulegoan egin behar da hilaren 30a baino lehen: ardi eta ahuntz bakoitzeko euro bat, eta behiak eta behorrak 10 euro ordaindu beharko da buruko. «Foru aldundiak horrela eskatzen du, larreratzeko eskaeren jakinarazpenak abenduaren 31 baino lehen egin behar direla diru laguntza jasotzeko eskubiderik ez galtzeko», azaldu dute udaletik. Deialdi hau ganaduzale guztiei eta baita udazkenean ganaduak larreratzen dituzten ganaduzaleei egiten diete. 

«Garbi gogorarazi eta jakinarazi nahi da nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, udaletxean orain eman behar dela izena, ordainketarekin batera», azpimarratu dute, eta neurri horri jarraipen zehatza egingo zaiola eta agindu hori betetzen ez bada Amezketako Udalak bere neurriak hartuko dituela gaineratu dute. Larrondora ezingo da zuzenean  ganadurik eraman, hau da, lehenik, Enirio-Aralarko larreetara igo beharko dira. Bukatzeko, eskaera bat ere egin dute: «Landatuta dagoen landare gaztea eta itxiturak errespetatu, landareengan kalterik ez sortzeko». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!