"Hasieratik asmo xumeko istorio txikitxo bat ari ginen kontatzen"

Jon Miranda-Leyre Carrasco 2019ko abe. 1a, 07:59

Lau eskura ondu dute 'Leo sabanako errege' liburua Gurrutxaga anai-arrebek. Irudien egiletza Maiteri dagokio eta letrena berriz Mikeli. Dagoeneko liburu dendetan eskuragai dago.

Amezketako gurrutxagatarrak anai-arrebak dira eta Mikelen testuak eta Maiteren ilustrazioak gurutzatuz sortu dute album ilustratua. Leo izeneko katua da protagonista, handikiro bizi dena. Alegia, bere burua lehoitzat hartzen du eta etxea berriz, bere erreinua. Baino liburuak aurrera egin ahala, kontuak aldatuko zaizkio protagonistari.

Donostian, Elkar dendan aurkeztu zenuten liburua. Zer inpresio jaso dituzue ordudanik?

Maite Gurrutxaga. Ondo. Iritsi berria da liburu dendetara. Momentuz lagunen, inguruko jendearen eta familiaren feedback-a soilik izan dugu, baino bestea oraindik iritsiko dela espero dugu.

Mikel Gurrutxaga.Oraindik denbora pixkat emango diogu.

Non du sorburua proiektu honek? Hau da, non du abiapuntua liburuak?

Maite. G. Marrazki txiki batekin hasi zen, nik eginda nuen zirriborro txiki batetik alegia. Marrazkian katu bat ikusten zen ume batekin erlazionatzen. Etxe batean katua ari den esnea edaten ari da bere potetik eta umea gerturatu eta katuaren pote berdinetik edaten hasten da. Bertan, jolas bat zegoela ikusi nuen eta Mikeli proposatu nion zerbait egitea, proiektu bat hastea, alegia.

Mikel. G.Maiteri tarteka galdetzen diot zertan dabilen. Momentu hartan, Maitek azaldu bezala, marrazkiak erakutsi eta pentsatu genuen hortik tiratzea genuela eta modu horretan sortu zen proiektua.

Gisa horretara sortu zenuten Leo izeneko katu protagonista. Mikel, aurkeztu diezagukezu Leo katu hau nolakoa den? Nola definituko zenuke osatu duzuen pertsonaia?

Mikel. G. Katua lehoi baten tankerakoa da. Etxean kategorian bizi da. Denboran zehar jarraipen bat egingo diogu katuari, gertatzen zaionaren berri emango dugu eta buruhauste batzuk ez zaizkio faltako denbora honetan. Beraz, arazo horiei irteera bat nola eman pentsatzen hasi ginen.

Maite. G.Asmoa katua egoera konkretu batera eramatea zen. Bagenekien katua izango zela protagonista baino ez genekien istorioak non bukatuko zuen. Beraz, egoera konkretu desberdin batzuetan jarri genuen eta bukaerako erantzuna lortu duguna izan da. Ariketa hori egitearen ondorio bat bezala lortu dugu.

Sabanako erregea aipatzen duzue, lehoia ere ageri da. Zergatik konparaketa hori edo zergatik egin nahi izan duzue ispilu joko hori?

Mikel. G. Esango nuke badakigula katuek alderdi basati bat dutela, hau da, ehiztari sen hori, beti adi daude haien inguruan gertatzen ari denaz. Iruditu zitzaigun joko hori lehoiaren bidez egitea geneukala, hau da, biak parekatu eta alderdi basati hori azalduz. Bestetik berriz, etxeko katu bati buruz ari gara, eta hori irudien bidez erakutsi genezakeela pentsatu genuen. Katuaren izaeraren bi alderdi horiek irudietara eramateko orduan hainbat buruhausterekin topo egin genuen.

Irudiei dagokionez, zuk osatu dituzu, Maite. Zer nolako irudiak jaso dituzue liburu honetan? Nola osatu dituzue ilustrazioak?

Maite. G. Mikelek azaldu duen moduan, azkenean irudiak nola egin behar genituen ahal eta hoberen azaltzeko, istorioekin kontatu nahi duguna edo testuekin hoberen txertatuko diren irudi horien bilaketa bat bezala izan da. Horregatik lehenengo plano asko ikusten dira. Zinematografikoa da, katuari jarraipen moduko bat egiten zaio. Azken finean, asmoa hori izan zen, album ilustratu baten izaera izatea. Orduan, bai testuak baita irudiak ere minimora eramaten saiatu gara, gero elkar txertatuz osotasun bat sortzeko. Hori ondo txertatuta egoteko eta bata besteari arnasa emateko zein alderantziz, halako ariketa horren ondorio izan dira bai testuak baita irudiak ere.

Elkarrekin lotze horrek buruhauste batzuk eman dizkizuela aipatu duzue. Nola egin duzue lan? Zenbat denboran ondu duzue lan hau? Nolakoa izan da sortze prozesua?

Maite. G. Ia-ia urte eta erdi eskaini genion. Testuak jada bageneuzkan baina irudiak ez, beraz, Eusko Jaurlaritzako beka batera aurkeztea erabaki genuen irudiak landu ahal izateko. Denera, urte eta erdi eskaini diogu. Interesgarriena izan da gertu egote horrek ahalbidetu digula bata bestearen lana denbora errealean ikustea. Mikel testuekin buru-belarri zebilen bitartean, ni irudiekin nenbilen. Ondoren, bi horiek txertatzen saiatzen ginen eta aldaketa posibleak ikusten genituen. Alde horretatik interesgarria izan da.

Mikel. G. Liburua txiki samarra da, baina patxaran hartu genuen, presarik gabe. Hori azkenean, liburuaren emaitzarentzat ona izan da.

Formatuari dagokionez liburu txikia dela aipatu duzue. Horrek mesede egiten ahal dio liburuari? Zergatik aukeratu duzue ohikoa baino formatu txikiagoa?

Maite. G. Hasieratik asmo xumeko istorio txikitxo bat ari ginen kontatzen. Beraz, liburuak txikia izan behar zuen. Gainera, orain konturatu naiz planoak gertukoak direla eta hain zehaztasunean jasotakoak direnez, liburuari mesede egiten dio. Lehenengo begi-kolpean irudiak ikusi egiten dira txikitasun horretan eta azken batean, horretan antzematen da tamainak mesede egin diola.

Zu Mikel, konforme emaitzarekin?

Mikel. G. Bai, nire aldetik bai. Niri Maiteren lanetik gehien gustatzen zaidana bere marrazteko era da, irudi oso narratiboak marrazten dituela, alegia. Irudi aldetik kategorian geratu direla iruditzen zait eta bi istorio horiek ondo uztartzea lortu dugula gainera!

Orain jendeak irakurtzea besterik ez da falta. Zeni aholkatuko zeniokete liburua? Umeentzako bakarrik ote da album ilustratu hau ala helduek ere irakurri dezakete? Zer iritzi daukazue?

Maite. G. Nik uste dut edozeinentzako izan daitekeela. Halako liburuak gustatzen zaizkion edo gustatu ahal izan zaizkion edozeinek irakurri dezakeen liburu bat da. Editoreak ere hala esaten zigun, liburuak kapa batzuk zituela ikusten zuen eta orduan irakurlearen aukera da azalean gelditzea edo lehenengo irakurketan ikusten ez den hori bigarrengoan edo hirugarrengoan topatzen joatea. Uste dut baduela kapa bat baino gehiago jolaserako, beraz edozeinentzako izan liteke aproposa.

Irakurlearen araberako hainbat irakurketa egon daitezke honako albumean, ezta?

Mikel. G. Seguruenik ume batek egingo duen irakurketa eta heldu batek egingo duena desberdina izango da. Umeak irudiei asko erreparatuko die eta helduagoa dena beste gauza batzuei erreparatuko die.

'Leo Sabanako errege' album ilustratua kaleratu duzue, orain liburu dendetan egongo da. Zuek ere bueltatxo txikiren bat egiteko asmoa duzue Durangoko Azokara, han salgai izango da, ezta? Han egoteko asmoa duzue?

Maite. G. Aurten ni kanpoan harrapatzen nau. Ez dakit Mikel animatuko den. Momentuz ez dugu ezer lotu.

Mikel. G. Bisitari moduan agian bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!