"Gogorra izan zen eta asimilatzea tokatzen da orain"

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 20a, 19:58

Lau eta Erdiko Txapelketaren finalaren hurrengo egunean hitz egin ahal izan du ATARIAk Jokin Altunarekin (Amezketa, 1996). Ezkurdiaren aurka galdu zuen. Oraindik ez zion guztiz buelta eman amezketarrak igandean hartutako kolpeari.

Finala bukatu zenetik 24 ordu pasa ondoren, zer moduz zaude?

Beno, pixka bat asimilatzen. Niretzako gogorra izan zen, eta pena handia hartu nuen, baina azkenean batek bakarrik irabazi behar du eta niri galtzea tokatu zitzaidan. Pena hori, azken bi urteetan finalera iritsi naizela eta ezin izan dudala irabazi. Orain pena ikaragarriarekin nago, eta pixkana min hori joaten denean, hobeto baloratuko dut.

Nahiko gogor hitz egin zenuen zure buruaz finala eta gero.

Esan nuen ez nintzela batere ondo sentitu, eta gauzak garbi esan nituen: atzokoa [igandekoa] niretzako gogorra izan zela, eta kolpea izan zela. Hemen ez dugu ezer ezkutatu behar. Esandakoa, gogorra izan zen eta gainditzea tokatzen da orain.

Buruan buelta asko eman diozu partidari?

Tantoei bueltak ematen ez naiz ari, orain alferrikakoa delako. Finalean pentsatzeak sentsazio txarrak ekartzen dizkit eta badakite nire ingurukoek-eta ez dudala asko hitz egin nahi finalaz. Lagunek-eta asko lagundu zidaten gauean eta gustura egon nintzen beraiekin. Eta alde horretatik oso pozik, horrelakoetan ikusten delako zurekin zein dagoen, eta hori oso garrantzitsua izaten da.

Txapelketan gutxien gozatu duzun partida izan zen finalekoa.

Finala jokatu aurretik txapelketari nota oso ona jartzen nion, eta finalaren ondoren nire buruari suspentsoa jartzen diot. Azken urteetan finaletara iristen ari naiz eta hor zure maila eman nahi izaten duzu eta pena horrek ematen dit. Lehen lau finaletan partida guztietan bukaera arte egon naiz aukerekin, batzuetan irabazi eta besteetan galdu, baina oraingoan sentsazio txarrak izan nituen partida guztian zehar eta mina benetan horrek ematen dit.

Beste aurkarien aldean, zer egin zuen ezberdin Ezkurdiak?

Ezustekorik ez nuen izan alde horretatik. Josebaren aurka askotan jokatu dut, askotan irabazi diot eta berak ere bai niri. Banekien nola jokatuko zuen; abiadura handia ematen dio eta nik ere hala eman behar nuen. Finalean pilotakada bat bera ere ez nuen eskuan ondo sartzen, nik ez nion minik egiten, eta partida gogorra izan zen niretzako.

Finalaren ostean egindako afariak kolpea pixka bat goxatzeko balio izan zizun?

Asko balio izan zidan. Aurrena harrera handia egin zidaten eta pixka bat hunkitu nintzen, gaizki pasatu nuen hasieran, baina gero egia esan asko lagundu zidaten. Ikusi zuten triste nengoela eta asko babestu zidaten, eta horrelakoetan oso beharrezkoa da, hasieran ez duzulako gogorik izaten ospakizunik egiteko, baina gero denekin egoten zarenean gauzak baloratzen dituzu. Azkenean, pertsonak gara eta garrantzitsua da galdutakoan horrelako babesa izatea.

Finala bukatu eta dagoeneko binakako txapelketa hasiko duzue. Denbora eman dizu horretan pentsatzeko?

Finala pasa berritan ez da erraza: segituan binaka, entrenatu gabe, gorputza molestia dezenterekin bizitako tentsioarengatik... Oraintxe bertan gogo handirik ez dut, baina orain buelta ematea tokatzen zait, eta jakin behar da ahal den azkarren horrelako momentuei buelta ematen, horretan ere ikasten ari gara, eta ea asteburuan partida on bat egiten dugun.

Nola ikusten duzu binakako txapelketa?

Beste enpresakoak azken urteetan ez dira hain emaitza onak jasotzen ari eta oraingo honetan apustu handia egin dute eta oso bikote onak osatu dituzte. Faboritoen artean Aimar eta Urruti ikusten ditut. Eta gure enpresan Irribarriak eta Rezustak batera jokatzen dute, bikote handia da eta biek hainbeste emanik zaila da beraiei irabaztea. Gero, Erikek aukera izango du aurrenekoz, eta Zabaletarekin bikote handia egingo du. Ezkurdiak eta Martijak ere bikote handia osatzen dute. Ladis lagun handia da eta gustura jokatuko dut berarekin. Txapelketa berdindua izango dela ematen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!