Iker Vicente Otsagabiako aizkolaria omendu dute partida hasieran, eta bera izan da txapa jaurtitzeko ardura izan duena. Pilotalekuko harmailetan, batez ere, Ezkurdiaren jarraitzaileen oihuak eta animoak entzun dira gaur. Altunaren jarraitzaile ugari inguratu da Nafarroako hiriburura, baina ez dira besteak bezain beste entzun.
Amezketa ingurutik joandakoek, gainera, bestelako aldarrikapen bat ere izan dute. Duela egun batzuk jakin zen bertan behera geratu dela Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Baluarten eskaini behar zuten emanaldia. Hori dela eta, elkartasun eta protesta keinu modura, ile-ordeak eta sudur gorriak eraman dituzte frontoira, zaleen artean banatu, eta harmailetan egon bitartean jantzita izateko.
