Jokin Eizmendik irabazi du Albitzuri Handi txapelketa

Ataria 2019ko azaroaren 16a

Lau urteren ondoren, Albizuri Handi harria protagonista izatera bueltatu da. Arratsaldean jokatu da txapelketa eta 11 jasoaldi egitera iritsi da Eizmendi irabazlea.

Beroketa garaia erabakigarria izan da harri -jasotzaile askorentzat. Albizuri Handi harria aurrez inoiz jaso gabe zuten askok, eta minutu gutxi horiek baliatu dituzte zein eratara jaso ikusi eta pentsatzeko. 

Hamar minutu zituen bakoitzak, harriari ahalik eta altxaldi gehien egiteko. Guztira, zortzi harri-jasotzailek hartu dute parte eta Jokin Eizmendi izan da altxaldi gehien egin dituena: 11 egin ditu guztira. Beraz, aurten ere ez dute lortu marka haustea: Goenatxo II.ak 1996an jarri zuen marka, 15 altxaldirekin. Bigarren postuan Xabier Peñagarikano Peña geratu da, 8 altxaldi eginda eta hirugarren egin duena Beñat Telleria Telleria IV.a izan da, 7 altxaldirekin.

Goraino bete da Larrunarri pilotalekua. Eguraldi euritsuari aterpea bilatu nahian, asko eta asko behintzat. Eta oihu eta txalo artean animatu dituzte txapelketan parte hartu duten harri jasotzaile guztiak. Publikoa gehien harritu duena, txapelketa askotako irabazlea izan da: Aimar Irigoien. Ezin izan du jasoaldirik egin, harrialdi nola heldu ezin asmatuta ibili da, eta hamar minutuak horrela pasa zaizkio.

Hona hemen harri jasotzaileen altxaldiak:

  • Jokin Eizmendi: 11
  • Xabier Peñagarikano Peña: 8
  • Beñat Telleria Telleria IV.a: 7
  • Aimar Galarraga: 5
  • Imanol Illarramendi Kortaberri: 4
  • Gorka Etxeberria: 3
  • Josu Urbieta: 0
  • Aimar Irigoien: 0

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!