Haurtxokoa irekiko dute 0 eta 6 urte artekoentzat

Ataria 2019ko azaroaren 14a

Amezketako Udalak gurasoen eskaerari erantzunez, hilaren 25ean jarriko du martxan Haurtxoko zerbitzua; aurretik bilera egingo du gurasoekin.

Amezketako Udalak azken urteetan herriko gurasoek egin duten eskaerari erantzunez, Haurtxokoa jarriko du martxan. Hilaren 25ean irekiko dute, eta asteartea, hilak 26, irekiera festa egingo dute, 16:30ean, liburutegi zaharrean. Aldez aurretik, gurasoei begirako aurkezpen bilera egingo da, hilaren 22an, 17:00etan, kultur etxeko aretoan. Adin horretako haurrak dituzten gurasoei bertaratzeko deia egin diete. Honela, amezketar txikienek, beraien denbora librea toki goxo eta girotu batean pasa ahal izango dute.

«Toki autogestionatua izango da, eta bertako zerbitzua aurrera eramaten gurasoak arduratuko dira, baina edozein behar, zalantza edo kezka izanez gero, udaleko suspertzailea hor egongo da arduradun moduan», azaldu du Izaskun Urrestarazu suspertzaileak. «Udaleko eta herriko zerbitzu bat izanik, herriko haurren parte hartzea sustatuko du Haurtxokoak», gaineratu du.

Batez ere, 0 eta 6 urte bitarteko Amezketako haurrei zuzenduta dago Haurtxokoa. Astelehenetik ostiralera, 16:30etik 19:30era egongo da zabalik, eta asteburuetan, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara eskainiko da zerbitzua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!