«Jokinek hartu duen maila oso goikoa da»

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 13a, 19:58

Altuna III.a izena hartu zuen Jokin Altunak profesionaletan debuta egin zuenean. Aurreko biak erremontean aritu ziren bere bi osabak dira, Imanol, Altuna I.a, eta Garikoitz, Altuna II.a.

«Ezustean harrapatu zigun erabaki horrek», esan du Imanolek. «Keinu polita izan zuen. Altuna izenarekin bakarrik jokatu izan balu, gu pixka bat ahaztuta egongo ginateke. Egunen batean pilotari handi bat bezala azalduko da, eta norbaitek galdetuko du zein ote ziren Altuna I.a eta II.a». Garikoitzek gogora ekarri du beraiek erremontean aritu zirela: «Ez dira modalitate berdinak. Bere ideia izan zen, eta esan zigunean, poza hartu genuen, eta asko eskertu genion».

Iloba finaletara iristea «normaltzat bezala» hartzen ari direla diote, baina beti izaten dela tentsio pixka bat. «Gu mundu horretakoak izanda, pixka bat lasaiago hartzen dugu, baina nabaritzen da herrian giroa», esan du Imanolek. Lehendabiziko finalak «bereziagoak» izaten direla dio Garikoitzek, baina «laugarrena jarraian izan arren, tentsio puntu hori izaten da. Finalak beti bereziak izaten dira».

Iloba faboritotzat hartzen bada ere, final guztiak «gogorrak» direla dio Altuna I.ak, eta gogora ekarri du Ezkurdia dela egungo txapelduna. «Hasterako, finala %50ean dago». Altuna II.ak ikusten du iloba aurtengo finalera hobeto iritsi dela: «Iaz lesio baten ondoren iritsi zen, eta aurtengoan askoz sendoagoa ikusten zaio, gorputzaldi sendoarekin. Halere, Ezkurdia beti berea ematen duena da, gauza on asko ditu, eta berari irabazteko partida oso ona jokatu behar duela garbi dago».

Fisikoki «asko egin» dela dio Imanolek ilobari buruz: «Nahiz eta esan indarrez gutxiago dela, nik pentsatzen dut batzuetan indarra barruan eraman behar dela eta Jokinek badauka. Azken denboraldian beste edozeinek adina ematen dio, eta bere alde duena da kantxan mugimenduz-eta denak baino azkarragoa dela. Buruz ere oso indartsua da, eta gaur egun Jokinek hartu duen maila oso goikoa dela». Garikoitzek gaineratu duenez, «arlo fisikoan asko hobetu du eta partida hasierak ezberdin planteatzen ditu. Berak ikusten du ahal bat hartu duela eta bere buruarekin lasaiago ateratzen da bere jokoa egitera».

Finalera joaterako orduan, beste partida baten moduan hartzen dutela diote. «Partida beroa dagoenean, pixka bat tentsio gehiagorekin zaude, eta kanpotik lagundu nahi hori bizitzen duzu. Azkenean, asko gozatzen dugu berari ikusten», esan du Imanolek. Horrelako partidetan «sekulako giroa» izaten dela gaineratu du Garikoitzek: «Nahigabe partidan oraindik eta gehiago sartzen zara; pare bat tanto borrokatu izatea nahikoa da. Alde horretatik asko gozatzen da horrelako partidetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!