«Tentsio handiz» harmailetan

Imanol Garcia Landa 2019ko aza. 13a, 19:59

Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiaren arteko finalean hainbat zale izango dira eta horien artean, Altunaren kuadrillakoak.

Erik Sagastume da horietako bat: «Beti gustura hartzen da zure lagun bat final batera iristen denean. Laugarren urtea da jarraian, eta esan daiteke bere ezaugarriei lotuta, bere modalitate onena hori dela». Finalak «tentsio handiarekin» bizitzen dituztela dio Beñat Belokik. «Lehenengoan tanto bakarrarengatik galdu zuen eta denok pena handia hartu genuen. Bigarrengoan iritsi zenean iruditzen zitzaigun hor goran zegoen pilotaria zela, eta txapela iritsi zen. Nire ustez hor jarraituko du, beste txapela batzuk lortuko ditu, eta guk hor jarraituko dugu, tentsio guztiarekin berak bezalaxe».

Aurtengo finalera, iazkoaren alderantziz, Altuna pixka bat hobeto iristen dela diote. «Jokin oso ondo dago, baina Ezkurdia ez dago gutxiesterik, asko jokatzen du», esan du Sagastumek, eta Belokik gaineratu: «Partida gogorra izango da. Ezkurdiak duen egurrarekin, eguna badu partida oso zaila izango da. Jokinek bere jokoa ateratzen badu, partida estua espero da».

Bi lagunek Altunaren defentsa nabarmentzen dute. «Jokinen erasoa aipatu ohi da, baina nik uste dut defentsan eragiten dituela diferentzia handienak. Besteak baino azkarragoa da defendatzen, erraz iristen da eta erasora pasatzeko aukera ematen dio. Gero denok dakigu tantoa erraz bukatzen duela», esan du Belokik. «Pilotari osoa da», laburbildu du Sagastumek.

Goizetik zein arratsaldetik finalera joateko autobusa antolatzen da herrian, eta igandean ziurrenik goizetik joango dira. «Egun ederra pasako dugu, arratsaldean partida ikusi eta gero sagardotegira afaltzera, urtero bezala. Ea aurtengoan txapelarekin den», esan du Belokik.

Harmailetan urduri izaten dela dio Sagastumek: «Ez naiz buila handia egitekoa, barruan gordetzen dut. Uste dut orroak egiteko kontuetan Beñat gehiago nabarmentzen dela». Une batzuetan isilik egoten dela azaldu du Belokik, «baina sekulako tantoak egiten dituenean, lehertu egiten gara, eta denak zutitzen gara eta buila batzuk ateratzen ditugu. Azkenean bakoitzak tentsioa bere erara eramaten du eta partida horietan are gehiago. Egia esan, giro ederra izaten da». Sagastumek Urrutikoetxearen aurka irabazi zuenekoa du gogoan: «21na jarri ziren, eta ni Beñaten ondoan nengoen. Azken tantoaren erdia ez genuen ikusi, elkarri begira egon ginen, eta ikusi genuenean aldamenekoak saltoka hasi zirela orduan hasi ginen ospatzen».

Final aurreko egunak Altunak lagunartean «ohi bezala» pasatzen dituela diote: «Pilotaz tarteka hitz egiten dugu, finalaren inguruan ere». Partida estua izango dela berretsi dute biek, finaleko markagailuak proposatzerakoan: Sagastumek 22-18 dio eta Belokik 22-20. Bietan, noski, kuadrillakoa garaile.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!