«Heriotzarekiko harremanari berezko izaera kendu diogu»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 8a, 19:59

Kultur Hamabostaldiaren barruan 'Doluarekin harremanetan' hitzaldia emango du Saioa Otegi psikologo eta psikoterapeutak. Asteartean., 20:00etan izango da Amezketako kultur etxeko areto nagusian.

 

Zehazki zein harreman dugu doluarekin?

Egunerokoan doluarekin bizitzen dugun harremana ez da izaten beste gai edo eduki batzuekin edukitzen duguna. Dolu egoera bat dugun momentu horretan izaten dugu harremana, hau da, ez dugu lantzen edota hitz egiten, non eta, ez den momentuan gertatu zaigun edo ondokoari gertatu zaion; horren ondorioz hitz egiten dugu. Hau da, ondoren. Hori da guk doluarekin edo galera afektiboekin dugun harremana. Galera afektiboek zer suposatzen duten ere azaldu nahi nuke.

Beraz, doluaz edo heriotzaz, ez dugu hitz egiten.

Agian ez dugu hain naturalizatua gaia, eta egiten dugunean ere, ondo egongo litzateke aztertzea nola egiten dugun. Norbanako bakoitzak ikusi beharko luke heriotzaren inguruan aritzen garenean nola harremantzen garen, eta gure barnetik nola sentitzen garen eta horren inguruan guk zein ideia dauzkagun. Edo zein sinesmen ditugun. Bata edo bestea ezberdin harremantzen dira. Badago orokortasun bat galera batez hitz egiten dugunean; doluak hori esan nahi duelako pixka bat, galera bat. Ez dugu lotzen askotan modu afektiboan, baizik eta gauzei erlazionatua. Niretzat hor dago gakoa. Eta ez bakarrik heriotzari lotuta.

Galera afektiboak kudeatzen ikasi daitekeela diozu, eta gako horiek hitzaldian emango dituzu.

Bai, saiatuko gara gako horiek besteei uztartzen, eta bakoitzak ikusi dezan egoera horietan bera non kokatzen den. Pixka bat, bakoitzaren emozioak nola dauden, zein sinesmen dituen, bere pentsamenduak nolakoak diren, zein sentsazio eta emozio dituen, nola ukitu eta mugitzen diren. Horiek lirateke gakoen hasierak.

Gako batzuk aipatzen joango gara eta ea bakoitzari gako horietako zeinek balio dion. Batzuk agian pausu batzuk landuagoak izango dituzte, bizipenek horra eraman dituztelako, eta beste batzuek ez.

Txikitatik landu beharko litzateke dolua?

Bai, txikitatik landu beharko litzateke beste hainbat gauza bezala. Emozioen kudeaketa edo inteligentzia emozionala gaur egun lantzen ari den moduan. Nik uste, hasi dela txikitatik lantzen doluek edo galerek duten garrantzia. Noski, belaunaldi berrienetan. Geroragoko belaunaldietan galdu egin dugula esango nuke. Ez dago landuta kontzeptualki, taldean... Arbasoek, iraganean, doluak heriotzatik ulertuta beti ere, mahai gainean, herri mailan, familian edo lagun artean, beste modu batera ulertzen eta lantzen zituzten. Gaur egun, desnaturalizatu egin da. Tarte batean gaude, non, hori berreskuratzea osasungarria litzakeela. Denok hori presenteago izateko, eta ezinegonak eta momentu ezatseginak ez bizitzeko.

Oraindik tabu direla esango zenuke heriotza bera, eta osteko dolua?

Ez zaigu asko gustatzen horri buruz hitz egitea, ez dakit tabu hitzak laguntzen duen. Horrek beste esanahi transzendental batzuk hartzen ditu. Bai heriotza eta bai dolua hausnarketa sakon batzuekin lotzen ditugu, eta uste dut ez dugula horretan ibili nahi izaten.

Pertsona bakoitza ezberdina da, eta emozioak ere bai. Guztientzat baliagarri diren gakoak badira?

Bai. Zorionez pertsona bakoitza ezberdina da, eta emozioak modu ezberdinean kudeatzen ditu, beraz, gakoak bakoitzari momentu batean modu batera balioko dio, eta beste bati, beste era batera. Gizaki garen heinean, denok dauzkagu emozio berdinak, eta emozio berak ditugunez, gakoak kudeatzeko denborak ezberdinak izango dira, baina emozio horien norabidea edo ibilbidea, lehenago edo beranduago egingo da. Azkenean prozesua berdina da, ñabardura askorekin. Ñabardura horiek, ordea, gako orokorretik harago doaz. Gako orokorrek bai balio digute denoi. Gero, norbanakoari zehaztu behar zaizkio bereak zeintzuk diren; zailtasunak non dituen.

Zein litzateke gako orokor bat?

Lehenik eta behin zein galera mota den jakin behar da. Galera mota horren arabera ikusi beharko genuke nola kokatu. Zer izan den, aurretik prestatzen joan ahal izan garen, espero ez zitekeen gauza izan den,... Horren arabera, gure garuna eta gure gorputza ezberdin kokatzen da. Nola gauden jakitea da lehenengo gakoa.

Batzuk erraz hitz egiteko joera dute, eta beste batzuk barrurantz gordetzekoa.

Batzuek ohitura dute kanporantz hitz egiteko, baina horrelako egoeretan, kanpora hitz egiten dutenek ere, askotan, barrura begiratu behar izaten dute. Ez da arazoa barrura edo kanpora, baizik eta kanal horiek zuk itxi egiten dituzun edo ez. Barrura egiten baduzu, eta era berean ixten bazara, itxiera horrek sortuko du eragozpena, hori askatu behar dugunean. Askatze hori da besteekin konpartitzea, besteek zu laguntzen uztea eta barruan dituzun tentsio une horiek kudeatzen lagundua izatea. Kanporakoek berdin. Asko hitz egin edo adierazi dezake, baina ala eta guztiz ere, itxiera horiek eduki ditzake.

Laguntza eskatzen da?

Geroz eta gutxiago. Indibidualizazioa geroz eta handiagoa egiten ari da. Lehen gure hilak ikusi egiten genituen, eta egon egiten ziren etxe batean egun batzuetan. Orain, oso modu ezberdinean egiten da, hildakoa beste toki batean egoten da, gorputza beste era batera manipulatzen da... heriotzarekiko harremanari berezko izaera kendu diogu. Galerekin gauza bera gertatzen zaigu. Galera emozionalak daude, afektiboak, harreman artekoak eta prozesu berdina bizitzen dugu. Baina materialak ere badaude, eta ez da berdina bat edo bestea.

Heriotzari lotutako doluak bakarrik ez ditugu bizitzen.

Bai, eta honelako hitzaldien helburua hori da, dolua ez dela heriotzari bakarrik lotuta bizitzen. Guk galerak bizitzen ditugu, bizitza guztian zehar. Jaiotzen garenetik hiltzen gareneraino. Heriotzak bakarrik ez gaitu eramango dolu egoera batera. Bikote harreman bat apurtzeak, animalia bat hiltzeak, lan baten edo etxebizitza baten galerak... egoera ezberdin askok dolu egoera batera eramaten gaituzte konturatu ere egin gabe. Guk gure burua sentitu dezakegu ezberdin, eta ez jakin dolu egoera bat pasatzen ari garenik.

Galera batzuk ezustean iristen dira. Istripu edo suizidio bat izan daiteke. Prest gaude?

Ez. Honelako egoera batean aurrean shock egoera izaten da, ukapen egoera. Horrek berak erakusten du ez gaudela prest momentu horretarako. Naturala da guretzat galerak izatea, baina ikusi behar dugu zenbateko malgutasuna daukagun. Bizitzari ematen dizkiogun balore horiek nola ditugun kokatuta, oso zurrunak edo flexibleak diren.

Suizidioaren kasuan, doluaz gain erruduntasun karga bat izaten da?

Bai, karga hori badaukagu. Erruak badu karga bat, eta gure ardura izango balitz moduan hartzen ditugu, baina ezin dugu ezer egin. Alderdi humanistatik lantzen dugu eta nik horri ardura deitzen diot. Azken batean, egoera baten aurrean erantzuteko daukagun gaitasuna da ardura. Ez daukagun guzti hori nola hartzen dugu gurea balitz bezala? Suizidioen kasuan hori oso presente jartzen da. Orain hasi dira gauzak mugitzen, eta geroz eta ahots gehiago zabaltzen ari dira esanez suizidioaz hitz egin behar dela. Zabaldu behar dela gizartean. Tabuak, eta horri buruz ez hitz egiteak eta hori ez lantzeak kontrako egoera dakar. Presente egon beharko lukeen beste gai bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!