Soinua ateraz hasi dute Kultur Hamabostaldia Amezketan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 6a, 11:13

Soinua. Horixe zen Amezketako Kultur Hamabostaldiari hasiera eman ziona. Beasaingo Ostadar dantza taldeak, bere soinu tresna guztiak jarri zituen erakusketa moduan kultur etxeko areto nagusian, eta jarraian, hitzaldi ibiltaria eginez, soinuak atera eta ezagutu zituzten.

Jon Zubeldia abaltzisketarrak gidatu zuen saioa, eta soinu tresna bakoitza banan bana pasa zuen azalpenak eman, eta bakoitzari bere soinua atereaz. Erakustaldiak ere egin zituzten, eta bertaratuek probatzeko aukera ere izan zuten. Hiru alorretan banatu zituzten soinu tresnak erakusketan: dantzariek erabiliak, musika tresnak eta jostailuak. Soinua ateratzeko dira guztiak, eta horixe dute helburu. Dantzariek erabiltzekoak ziren asko, baina horien zeregina ere soinua ateratzea da.

Hasi baino ez da egin kultur hamabostaldia, eta jarraian izango diren ekitaldi eta festek ere izango dute bere soinua. Gaur bertan, 19:30ean, Ama-alu-lur antzezlana ikusteko aukera izango da Intujai teatroren eskutik. Bihar, berriz, euskararen jatorriaren doinuetan sartuko dira Gorka Garmendiaren Nundik hitzaldiarekin.

Gainerakoan, eta hilaren 17ko Amezketako perie bitartean, Ierabizkar errota martxan ikusteko aukera, hiru eta erdiko pilota txapelketa, bazkaria, San Martin eguna, doluarekin harremanetan hitzaldia, Napardeath filma, Maider Mendizabal eta emakumeen pilota solasaldia, Konplizeak antzezlana eta Albitzuri Aundi Harriaren Txapelketa jokatuko dira, egunez egun, bata bestearen atzetik.

KULTUR HAMABOSTALDIA BESTELAKOAK

Gaur, azaroak 6

19:30. Ama-alu-lur (sorgin baten ametsak) antzezlana, Intujai teatroren eskutik, kultur etxeko areto nagusian.

Azaroak 7, osteguna

19:00. Nundik hitzaldia Gorka Garmendiaren eskutik, euskaldunen jatorriaren inguruan, kultur etxean.

Azaroak 8, ostirala

17:00. Ierabizkar errota martxan ikusteko aukera izango da.

18:30. Saralegi-Goikoetxea hiru eta erdiko txapelketaren finala frontoi zaharrean (Eguraldi txarrarekin, Altuna Anaiak frontoian izango da).

20:00. Talo jatea frontoian, DBH 4koen eskutik.

Azaroak 9, larunbata

14:00. Herriko produktuekin osatutako bazkaria (babarrunak bere sakramentuekin) eta euskal abestien kantaldia Zazpi Iturri elkartean. Ondoren. Mutiko alaiakekin kantu poteoa.

Oharra: Bazkarirako txartelak salgai egongo dira Ametza, Arkaizpe, Beartzana eta Sasturain tabernetan, gaur arte. 25 euro ordaindu beharko da txartela.

Azaroak 11, astelehena

11:30. San Martin eguneko meza nagusia. Ondoren. Bertsolari eta trikitilarien saio labur bat.

14:00. Bazkaria Txindoki (Errekalde) jatetxean, Bertsolari eta trikitilariak ere bertan izango dira. Amezketan erroldatutako 60 urtetik gorakoentzat eta erretiratuentzat.

16:00. Haurrentzat jolasak frontoian eta ondoren merienda.

Azaroak 12, asteartea

20:00. Doluarekin harremanetan hitzaldia emango du Saioa Otegik. Galera afektiboak kudeatzen ikasteko izango da. Bakoitzaren emozioak eta denborak desberdinak direlako.

Azaroak 13, asteazkena

19:30. Napardeath pelikularen emanaldia. Ataun of death trilogiako hirugarrena, kultur etxeko areto nagusian.

Azaroak 14, osteguna

19:30. Maider Mendizabal, Emakume pilotariak solasaldia izango da, kultur etxeko areto nagusian..

Azaroak 15, ostirala

20:30. Konplizeak antzezlana, Berrobiko Txalo-talo taldearen eskutik, kultur etxeko areto nagusian.

Azaroak 16, larunbata

17:00. Albitzuri Aundi Harriaren Txapelketa jokatuko da, pilotalekuan.

Azaroak 17, igandea

10:00. Amezketako perie. Zer ikusi, erosi, jan eta edan izango da, goiz guztian zehar.

Azaroak 30, larunbata

Gaztaina jatea egingo dute, Ugarteko elkartean.

Abenduak 13, ostirala

Amaren alabak taldeak kontzertua eskainiko du.

Abenduak 19, osteguna

Amezketa kantari izango da, eta herritarrak kantuan ibiliko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!