«Ea urtarrilean txerriak sartzeko aukera dudan»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 1a, 11:58

Baserriko lanetan hasiko da Uxue Artola amezketarra urte berriarekin batera. Gaztenek proiektuaren laguntzarekin txerriak jarriko ditu basoan, eremu hesitu batean.

Amezketako Larramendi baserrian txerriak jarriko ditu Uxue Artolak. Baserrian lanean hasi ahal izateko prestaketa lanetan dabil buru-belarri.

Nolatan eman duzu baserri mundura sartzeko pausoa?

Arrazoi bat baino gehiago izan ditut, baina bat eta nagusiena, bi haurren ama izanik, amatasuna eta lana uztartzea izan dut helburu. Beti izan dut baserri munduarekin lotura. Baserrian jaio nintzen, eta geroz ere beste baserri batera joan naiz bizitzera. Bertan afizioz ibili gara orain artean lanean, baina orain profesionalki lan proiektu bat martxan jarri eta aurrerapauso hori ematea erabaki dut.

Noiz hasi zinen guzti honi buelta bat eman eta martxan jartzen?

Duela urte pare bat Gaztenek programaren berri izan nuen kasualitatez. Amezketan bertan beste proiektu bat sortu zen txerriekin, eta hori jakin nuenean, buruari buelta batzuk eman nizkion. Gaztenek proiektuak eskaintzen zizkigun aukeren artean, bai niretzat eta baita familiarentzat, onena zena aukeratu eta aurrera egitea erabaki genuen.

Lurrak aldez aurretik bazenituen?

Gu nahiz eta baserri batean bizi, baserri hau erosi egin dugu bere lur eta guzti, proiektu honi bideragarritasuna emateko.

Gaztenek proiektua aipatu duzu. Instituzioen aldetik laguntza izan duzu zure proiektua aurrera ateratzeko, ezta?

Gazte nekazari berriak sortzea du helburuen artean proiektuak, eta horretarako baldintza minimoak beteta, beraiek laguntza eskaintzen dizute. Eta laguntza hori erraztasun bat da horrelako proiektu batean sartzeko.

Diru laguntza jaso ahal izateko proiekturen bat aurkeztu beharko zenuen.

Bai. Paperetan bakarrik ia bi urteko prozesu bat da. Proiektu bat aurkeztu behar duzu, eta behar duzun materiala, instalakuntzak eta guztia azaldu behar duzu. Horretan denbora joan egiten da, baina eskakizun bat da eta bete egin behar da.

Baserrian jaioa izanagatik, inoiz burutik pasa zitzaizun horrelako zerbait egitearena?

Ez. Egia esan duela urte batzuk ez nuen horrelako gauzarik egitea pentsatu ere egiten. Baina bizitzak bueltak ematen ditu. Inguruko beste baserri pare batean ere ari dira, eta beraiekin hitz egin eta asko animatu ninduten. Ikusita lana egiteaz gain, aldi berean, egunerokotasunean, umeekin uztartzeko aukera ematen didala.

Orain zure lurretara joanez gero zer ikusiko genuke?

Orain momentuan itxiturak egiten ari gara. Txerriak basoan libre ibiliko dira, eta itxitura on batzuk egin beharra daude. Horrek lan dezente eskatzen digu. Txabolak eta jantokiak ere jarri behar dizkiegu, eta tokia prestatzen ari gara.

Noizko aurreikusten duzu guztia prest izatea?

Gutxi gorabehera urtarrilean dena prest izatea espero dut, eta ea urtarrilean txerriak sartzeko aukera izaten dudan.

Txerriak haztea izango da zure lana?

Gure proiektua nagusiki Txerrizaleok Elkartearekin elkarlanean egin dugu, Eusko Labelaren zigilupean. Txerrikumeak elkarteak berak ekarriko dizkigu, eta gero, behin basoan hazi ostean, Txerrizaleok elkarteari salduko dizkiogu. Txerri hazleok baserri guztietan prozesu bera jarraitzen dugu, elikadura bera izan dezaten, eta zapore eta kalitate bera lortzeko. Guk salmenta beraiei egingo diegu, eta beraiek arduratzen dira produktu hori komertzializatzeaz.

Horrekin salmenta ziurtatua dago.

Guk hazte prozesua egiten dugu. Txerrikumeak 22 bat kilorekin etorriko zaizkigu, eta guk 140-150 kilora bitarte hazi beharko ditugu.

Zenbat txerri izango dituzu urtean, gutxi gorabehera?

Txerriaren gizentze prozesua gutxi gorabehera bost bat hilabetekoa izango da. Gero elkarteak berak eramango ditu. Jarraian, hilabeteko epealdia izango dut tokia txukundu eta garbituta jartzeko, eta berriz ere, txerriak ekarriko dizkidate. Urtean bi txanda sartuko ditut, gutxi gorabehera 140 bat txerrikoak.

Bertakoa eta garaian garaikoa jatea ezinbestekoa dela esan ohi da, eta bada lana gizartera mezu hori zabaltzen. Gaur egun uste duzu baloratzen dela baserrietan egiten den lana?

Baloratu, baloratu... gaur egun uste dut zenbaitxo kontzientzia hartzen hasi direla. Produktu horiek normalean garestiagoak izaten dira, baina jakina da; lana eta produktuaren kalitatea ezberdinak dira. Azkenean elkartearen proiektua bide horretatik doa, hau da, txerriaren kalitatea eta haragia ezberdinak izateko lan egiten du.

Kalitate oneko produktuak izatea ziurtatuko du.

Bai, hori da. Gu Eusko Labeleko txerri hazleak izango gara. Horrek izen bat ematen du.

Instituzioen aldetik laguntza jaso duzu lanbidea aurrera eramateko. Uste duzu lehen sektorera bideratutako laguntzak nahikoa direla?

Nahikoa, nahikoa... azken batean honelako proiektu bat martxan jartzeak dezenteko kostua du. Instituzioen aldetik hori bultzatu nahian edo ari dira. Bai hemen edota goragotik, Europatik, horri bultzada bat emateko laguntzak jartzen dituzte. Nahikoa ez dakit, beti daude oztopoak, baina ilusioarekin eta gogoarekin hartuta zerbait egiteko asmoarekin ari gara.

Behin txerriak jarrita irudikatzen duzu zure egunerokoa nolakoa izango den?

Hemen inguruko beste baserrietan ikusita, eta azken batean dena prest nola edukiko duten, bai ura, pentsua,... bertan izango dute. Azkenean higiene pausu batzuk jarraitzea, txerriei kontrola egitea izango da, baina egunerokoan ordu bat edo biko lanarekin, printzipioz nahikoa izango litzateke. Hortik aurrera, bakoitzak inplikatu nahi duenaren araberakoa izango da.

Egunerokoan lan ordu asko ez ditu eskatzen.

Proiektu honi heltzeko nire arrazoietako bat hori izan da. Umeak eta lana uztartzeko aukera ematen dit, eta alde horretatik, erraztasun bat ematen du. Ez da beste ustiategi batzuekin bezala, ardiekin edo izan daitekeen moduan.

Zer esan dizu inguruko jendeak?

Batzuk harrituta geratu dira, beste batzuk ideia ona dela eta aurrera jarraitzeko, denetatik pixka bat. Jendeak iritzi asko ditu, animatu naute, baina beste batzuk beste zerbait egin izan banu askoz hobea litzatekela esan didate. Baina norberak hartzen duen erabaki bat da, eta horri eutsi behar.

Zer esango zenioke zu bezala ideia buruan izan, baina oraindik pausoa ematera ausartu ez den horri?

Ez bazara saiatzen ez dela ezer lortzen. Gustatu egin behar zaizu edo mundu hau pixka bat ezagutu egin behar duzu nolakoa den. Oztopoak beti daude, baina nik uste dut beste lanpostu batzuetan ere beti izaten direla gorabeherak. Ilusioz hartu, eta gustuko badu aurrera egiteko esango nioke.

Animalia moduan txerriarekin aldez aurretik izan duzu harremanik?

Ez. Egia esan jaiotetxean beti behiak edo ardiak ikusi izan ditut. Orain behorrak eta baditugu, baina txerriekin ez dut kontakturik izan, eta hainbesteko talde batekin gutxiago. Gauza minimo batzuk ezagututa, egunerokotasunean ikasten joango gara, eta saiatuko gara.

Umeak aipatu dituzu. Gustura daude hemendik aurrera txerriak familiako kide izango direlako?

Egia esan beraiek ilusioarekin daude. Txikiak dira oraindik, baina proiektu guztian zehar beraiek ere gurekin dabiltza. Orain prestakuntza lanetan edota beste instalazio batzuk ikustera joan garenean ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!