"Lehen aldiz arrebaren ezkontzarako atondu nuen elizako erretaula"

Naiara Roldan De Aranguiz/Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 24a, 19:58

Hortz protesikoa izan da lanbidez, eta erretiroa hartuz geroztik bizitzaz gozatzen ari da, Ugarteko elizako jarduna ahaztu gabe.

Jose Celaya ugartearra da, eta egun Hondarribian bizi da. Hala ere, astero-astero, badu zeregina Ugarten, eta bueltatu egiten da. Duela urte batzuk hartu zuen erretiroa, eta ofizio gizona zenak afizioak ditu orain. Lanari ordu asko eskaini dizkio, baina bizitzaz gozatzen ere jakin du.

Ugarteko festak pasa ziren. Zuk, zeregin bat izaten duzu.

Elizaz arduratzen naiz. Gaztetan jendearekin festan ibiltzen nintzen, eta gerora gazte berriak sartzen joan ziren, eta elizan jende gutxi sartzen zen. Hor zerbait egin nezakeela pentsatu nuen.

Organoa jotzen duzu. Noiz hasi zinen?

Gaztetan solfeoa eta pianoa ikasi nituen, eta nire irakaslea Tolosako Inazio Mokoroa organista izan zen. Gero alde batera utzi nuen.

Etxetik jaso zenuen musikarekiko zaletasuna?

Ez. Garai hartarako hasita zeuden elizan organistak gutxitzen. Parrokoek ikusten zuten organistarik gabe geratuko zirela, eta parrokoak bultzatu ninduen. Hortik afizioa, eta ikasketak; gainontzean etxean inor ez da musikaria.

Eta etxean duzu organoa.

Bai. Beti ezin da elizan aritu, eta entseatu egin beharra dago.

Zenbat ordu sartu behar dira?

Ordu ez dakit... agian siestatik jaikitzen naiz eta ordu erdi bat, hiru ordu laurden aritzen naiz. Entseatu behar dut jo behar dudana. Partitura bat eman eta golpetik jotzea kosta egiten zait, nik ikasi egin behar ditut.

Izango dituzu gustukoago dituzun kantuak.

Bai, dudarik gabe. Euskal kantuak elizan asko jotzen ditut. Gustatzen zait elizakoekin batera nahastea.

Aukeraketa nork egiten du?

Neronek. Nire ardura da, eta nahi dudana egiteko aukera dut. Parrokoak bi hilabeteko egutegia bidaltzen dit mezak nola izango diren zehaztuz. Hortik aurrera, batzuk apaizak zehazten ditu baina nik aldatu ere egiten ditut. Gure umetako abesti batzuk, orain, albo batera utzita daude, eta horiek ateratzea gustatzen zait. Nire adineko jendeari gustatu egiten zaio.

Koruan dago organoa.

Bai. Armonioa da. Pedalak ditu, eta ez da tutu duna. Ehun urtetik gora ditu, eta bigarren eskuko bat ekarri omen zen.

Eta ondoan lagunak.

Bai. Jaiero-jaiero emakume eta gizonezko batzuk ondoan biltzen zaizkit, eta abestera etortzen dira. Oso gustura sentitzen naiz.

Etorkizunik ikusten diozu zure postuari?

Momentuz nik dakidala ez. Badakit gazteak badabiltzala, nik egin nuen moduan, solfeoa eta pianoa ikasten. Bestea da, gazte jende hau ez dela elizara joaten. Konpromiso lotua da hau, eta hor ez dute sartu nahi, eta nik zer izango den ez dakit. Nik ere ez nuen pentsatzen hor sekulan jo behar nuenik. Niri umetan lotsa ematen zidan.

Baina urteak pasa dituzu.

Bai, baina sekula pentsatu gabe hor jo beharko nuenik. Ez zitzaidan burutik pasa ere egin.

Lan gehiago ere egiten dituzu elizan. Lorez apaintzen duzu.

Ni beti joan izan naiz elizara. Gaztetatik horrela ohitu ginen, eta jarraitu egiten dut. Aurretik egiten zuen jende bat zegoen, baina uzten joan ziren momentuan sartu nintzen ni. Lehen aldiz, elizako erretaula nire arrebaren ezkontzarako atondu nuen, orain 49 urte. Lardaskeria bat egin nuen.

Ugarteko festetan esaterako, nola apaindu zenuen?

Gladiolo zuriekin apaindu nuen, eta dotore geratzen da. Iraupen txikia dute, baina momentukoa egiteko eleganteak dira. Eta lore sorta bat eskaintzen diot Errosarioko amari. Albo batean dagoen figura ere apaindu egiten dut. Jendeak eskertzen du, eta ikustera bakarrik bada ere jendea sartu egiten da. Hasieran igandeetarako preparatzen nuen baratzeetatik hartzen uzten zizkidaten loreekin. Ospakizun berezietarako ere prestatzen dut.

Lanbidez zer izan zara?

Hortz protesikoa izan naiz, eta nire gustuko lana izan da. Tolosan urte pila bat pasatu ditut lanean. Familiako bat dentista batekin ezkondu zen eta hark esan zidan zergatik ez ote nintzen berarekin lanean hasten.

Gasteizen ere aritu zinen?

Bai. N-1 errepide zaharra gurutzatzen nuen. Gogoan dut garai hartan Olazti herrigunetik nola pasatzen ginen. Gustuko lana nuen bai hangoa eta baita hemengoa ere.

Zehaztasun handiko lana eta pazientzia handikoa.

Bai. Gehiegi ez dut, baina hor jakin nuen pazientzia hartzen.

Pertsona bat ezagutzean begirada hortzetara joaten zaizu?

Bai, guztiz. Zuzenean, eta askotan lotsa ematen dit besteak zer pentsatuko duen, baina nik zuzenean ahora begiratzen dut.

Ibilbide guztian zehar ikasten aritu beharko zenuen, ezta?

Bai, ikastaro pila bat egin nituen Madrilen, Zaragozan,Bilbon, Suitzan... Beti ikasteko lana. Jende ona izan dut ondoan, eta kontentu.

Bidaiatzeko aukera izan duzu.

Lana egiten nuen garaian aukera handirik ez nuen izan bidaiatzeko, baina beti pentsatzen nuen zeinen ondo egongo nintzatekeen. Orain bederatzi urte daramatzat erretiroa hartuta, eta 7-8 buelta egin ditut Kanarietik. Orain gustatu egin zait bidaiatzea. Negua ez zait gustatzen eta Kanarietara joaten naiz. Abenduan berriz joatea espero dut.

Mendiari eta fedeari lotutakoak ere egin dituzu.

Mendiari lotuta Eslovenia, Kroazia, Bulgaria,... Bestela, Israelera joan naiz. Jerusalemen jada hiru aldiz egon naiz. Niretzat oso bidaia garrantzitsua da. Ugarten doktrina ematen zigutenean ez nuen ulertzen zer esaten ziguten; orain, han ulertu dut.

Ametsa bete duzun bidaia.

New York-ekin bete dut. Dubairako taldea ez da osatu eta hemen geratu naiz, baina ez dut etsitzen.

Teknologia berriek ere erakartzen zaituzte.

Mugikorrak ikaragarri gustatzen zaizkit, bai, eta interneten ere ibiltzen naiz.

Erlazionatuak

Jose Celayak ofizioa eta afizioak hizpide izan ditu

Naiara Roldan de Aranguiz 2019 urr 14 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!