2020ko egutegia argazkiz janzteko lehiaketa egingo dute Amezketan

Ataria 2019ko urriaren 23a

Udalak, aurten ere, 2020ko egutegia osatzeko argazki lehiaketa antolatu du; azaroak 15 da argazkiak aurkezteko azken eguna.

Amezketako Udalak urtero egutegia ateratzen du amezketar guztien etxebizitzetan banatzeko. Iaz, lehen aldiz, lehiaketa bidez aukeratu zituzten argazkiak, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten berriz errepikatzea erabaki dute. Azaroaren 15a izango da argazkiak aurkezteko azken eguna.

Lehiaketaren oinarriak iazko berdinak dira: 14 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake eta gaia Amezketa da: bertako paisaiak, pertsonak, elementuak… Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkez ditzake, eta formatu digitalean aurkeztuko dira. Gutxieneko kalitatea izan beharko dute. Argazkiekin batera informazio osagarria aurkeztu beharko dute: argazkiak non atera diren, egilearen izen-abizenak eta telefonoa edo helbide elektronikoa. Hiru modutara aurkez daitezke argazkiak udaletxean: CDan, gutun-azal baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin; USB batean, gutun-azal baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin (USBa itzuli egingo da), edota posta elektroniko bidez, udala@amezketa.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera.

Hamahiru argazki sarituko dira eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da, eta argazki sarituekin 2020ko egutegia osatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!