Altuna III.ak erraz lortu du lehen puntua

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 14a, 18:54

Amezketarrak 22-5 irabazi dio Peio Etxeberriari Lau eta Erdiko ligaxkaren lehen partidan,Tolosako Beotibar frontoian.

Nagusitasun osoa erakutsi du Jokin Altuna amezketarrak aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketaren bere lehen partidan. Final-laurdenetako ligaxkako partida izan du Peio Etxeberriaren aurka, eta gaur egun bi pilotarien artean dagoen ezberdintasuna argi geratu da bai jokoan eta baita markagailuan ere: 22-5.

Altunak Ataria Irratia-ri azaldu dioenez, «garrantzitsua da sentsazio oso onak izatea, eta niri pilota ondo atera zait bai airez eta baita botearekin ere». Etxeberriak erritmo bizia jarri nahi izaten duela gaineratu du Altunak, baina oraingoan berak jarri duela: "Bat jokoan nagusituz gero, besteak sufritu egiten du. Gero presaka ibili da defentsan, erasora jarri nahi izaten zuen, baina zaila izaten da hori".  Altunak 14 tanto egin ditu eta 3 galdu, eta Etxeberriak 2 egin eta 8 galdu. 35 minutuko partida izan da.

Ligaxkako hurrengo partidan eskualdeko bi pilotari elkarren aurka ariko dira: Altuna eta Jaka. Igande honetan izango da hori, 17:00etan hasiko den jaialdian, Eibarren. "Berezia izango da partida", esan du amezketarrak. "Batera entrenatzen dugu, eta Jakak ondo irabazita du iritsi den lekua. Hori bai, ni berdin-berdin aterako naiz irabaztera, ni egurra ematera joango naiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!