«Gurasoei esatera ausartzen ez diren gauzak kontatzen dizkidate»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 11a, 19:58

Ostiralean ireki zituen ateak Amezketako Gaztelekuak, eta Izaskun Urrestarazu ibartarra da bertako suspertzailea. Adin ezberdinekoekin aritzen da, eta gazteen arteko harremana «altxortzat» du. Uztaila bitartean ateak zabalik izango ditu.

Suspertzailea zara. Zein da zure egitekoa?

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika izeneko sistematik gatoz. Espainiar estatuan eta Euskal Herria mailan ere sistema bakarra dela esango nuke. Haur, nerabe, gazte eta helduak babesten dituen sistema da, eta bertan zerbitzu ezberdinak daude: Haurtxokoa, gaztelekua eta PSZ. Gu PSZ gara, hau da, parte hartzea sustatzeko zerbitzu bat gara. 4.000 biztanletik beherako herri txikientzat dago bideratuta, eta Amezketa horietako bat da. PSZ-ren barruan bi paper daude: teknikaria eta hezitzailea. Ni hezitzailea eta teknikaria naiz aldi berean. Teknikari lana egiten dut goizetan, eta hezitzailea naiz arratsaldetan.

Eta zeintzuk dira zuen helburuak?

PSZ-k esaten duen moduan parte hartzea sustatzeko zerbitzua denez, gazteak gaztelekura etorriko dira, eta ondo pasako dute. Beraien arteko erlazioa landuko da, euskara eta herria landuko da, baina parte hartzea sustatzeko helburuarekin, helbururik nagusiena herrian parte hartzea da. Nerabe, haur edo gazte aktiboak izatea nahi da herriarentzat.

Amezketa herri txikia da. Haurrek ondo erantzuten dute?

Bai. Desiratzen egoten dira. Gure adin tartea DBH1etik Batxilergora bitartekoa da, hau da, 12 eta 18 urte bitarteko gazteak. LHtik datozenak sartzeko gogoz egoten dira, eta zerbitzuan dabiltzanek behintzat oso ondo erantzuten dute. Egunerokotasunean nerabeak etortzen dira, eta beraien parte hartzea izugarrizkoa da. Batzuetan ni ere ez naiz iristen etortzen diren guztiengana. Beraz, esan daiteke Amezketako gaztelekuko erabiltzaileen parte hartzea oso ona dela.

Noiztik zaude edo noiztik dago Gaztelekua Amezketan?

2012an ireki zen. Gu ez gara udaletxeko langileak, azpikontratatutako enpresa gara, Urnietan dagoen Kalexka. Hasiera-hasieratik Kalexkak dauka zerbitzu hau, eta lau hezitzaile pasa gara denbora tarte honetan, eta nik bi urte daramatzat hemen lanean.

Esan duzunez haurrak Gaztelekura sartzeko gogoz egoten dira.

Askotan, eta batik bat uda partean izaten da, behean egoten dira itxaroten. Desiratzen egoten dira nik igotzeko esateko, eta azken ordu erdian esan izan diet igotzeko. Beraientzat helduen gune bat da, eta izugarria da nola egoten diren zain. Erreferentziazko gune bat dela esango nuke.

Zein da zure egunerokoa?

Hilabete hasieran horman egutegi bat jartzen dugu, eta beraiek egin nahi dituzten gauzak zerrendatzen dituzte. Iaz, esaterako, karta jokoetako txapelketak izan ziren. Herrian Tximitxurri txapelketa dute, beraien joko bat. Eta kartak ez baziren, sukaldaritza. Sukaldaritzaren kasuan, egin nahi dutena beraiek begiratu behar dute, zein diren beharrezko osagaiak, eta bakoitzetik zenbat behar duten kalkulatzen dute. Apuntatu, eta batera joaten gara erosketak egitera, edo beste batzuetan bakarrik uzten diet. Autonomoak dira, eta badute adina badakitela zer nahi duten egin eta zer ez. Beraiek jarritako araua da, eta badakite: beraiek lan egiten badute, beraiek jaten dute. Eta sukaldean aritzen ez badira, behintzat garbitu egin behar dute.

Zein egunetan zaudete?

Astelehenetik ostiralera gaude, eta iaz, larunbat batzuetan ere irekitzen hasi ginen. Beraiekin adosten da zein larunbat nahi dituzten. Aurten horretan hasteko intentzioa badugu, eta ea zer ateratzen den.

Denentzat irekia da?

Hemen irekia da. Herri txiki bat da, eta adin tarte murriztua izanda ez daude nerabe asko. Ez dute ordutegi bat, eta irekia da. Eskolan opor egunak dituztenean eskaintza bereziak egiten dira, eta abuztua eta iraila itxita egoten da.

Arauak beraiekin lantzen dira?

Oso ondo dakizkite arauak zeintzuk diren, minimoak behintzat. Baina ikasturtea aurrera doan heinean muga eta arau batzuk ezartzen dira. Arau berriak jartzen dira, eta beraiekin adosten dira.

Zer da gehien eskatzen dutena?

Sukaldaritza, eta lasai egon nahi dute. Presio asko jasotzen dute eskolatik, lan pila bat dituzte eta azterketak. Film bat ikusi edota hitz egitea nahi dute, askatu egin nahi dute. Uste dut entzuten dieten pertsona erreferente bat dutela hemen, eta entzuteaz gain beraien arazoak bideratzen laguntzen diena. Askotan, azterketa garaian, liburutegi bat bilakatzen da, eta partikularreko irakaslea bihurtzen naiz. Gorabehera asko izaten dira azterketengatik. Lasaitasuna behar dute, eta nik ez diet presiorik jartzen.

Zurekin ireki eta dituzten kezka edo arazoak partekatzen dituzte.

Bai, eta nik ere asko zirikatzen ditut. Bi urte egin ditut, eta asko ezagutzen ditut. Nerabeak transmititzeko oso irekiak dira, eta badakizu noiz dauden gaizki eta noiz dauden ondo. Batzuk irekiak dira eta beste batzuk itxiak. Irekiek guztia botatzen dute, eta itxiei tiraka aritzen naiz ateratzeko eta askatzeko. Askotan gurasoei esatera ausartzen ez diren gauzak dira, eta guztiei laguntzen saiatzen naiz. Psikologiako lan pixka bat egitea ere tokatzen zait.

Nerabeak eta teknologia berriak. Zer esango zenuke?

Teknologia puntan dago, eta gu egokitu behar gara teknologiara, eta askotan beraiek erakusten didate. Baina hemen mugikorra bakarrik erabiltzen dute, eta gehienean musika entzuteko da, eta ez nuke esango, hemen, asko erabiltzen dutenik. Harremanak dituzte beraien artean, eta askatasun bat sentitzen dute hemen. Tolosarekin aldea bada; hemen dagoen plaza giroarekin ez dut hori sumatzen, eta horrela izaten jarraitzea gustatuko litzaidake.

Harreman irekiak dituzte?

Denak denekin dituzte harremanak, eta nahastuta ibiltzen dira. Beti esan izan dut Amezketan lan egiten dudanetik, hori dela eskertzen dudana, eta altxor bat da. Helduagoa denak lagun moduan gazteagoarekin du harremana, eta elkar zaintzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!