KPI kontuan hartuta igo dituzte udal zergak eta tasak Amezketan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 10a, 19:58

Amezketako Udaleko aurrekontuaren diru sarreren %40a da udal zerga eta tasen bidez jasotzen dena; iaz bezala, KPI hartu dute kontuan.

Amezketako Udalak onartu ditu 2020 urterako ordenantza fiskalak. Irailaren 26an egin zuten osoko bilkura, eta aho batez onartu zituzten udal zerga eta udal zerbitzuen tasa eta prezioak. Udal aurrekontuaren sarreren %40 inguru da, eta «bere garrantzia» duela diote udaletik.

2020 urterako, 2019an egin bezala, Kontsumorako Prezioen Indizea izan da kontuan hartu dutena: «Ordenantza Fiskal hauek osatzeko garaian, zehazki Gipuzkoako abuztua bitartekoa hartu da kontuan, %0,7koa hain zuzen ere», adierazi dute udaletik. Iaz %2,3 izan zen.

Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, KPI baina pixka bat gehiago igoko dute, %1. «Gipuzkoako beste herrietako tasetara hurbiltzeko asmoz egin da, Amezketakoa pixka bat baxuago baitago». Aurreko urteetan ezarritako familia ugarientzat hobaria eta Bizigune eta ASAP programetan sartzen diren etxebizitza guztientzat dauden hobariak mantendu egingo dituzte.

Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga %1,5 igoko da, Gipuzkoako beste herrietako tasetara hurbiltzeko helburuarekin. Aldiz, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, %1 igoko da. Eta udal zergei dagokienez, azkenik, aipatu behar da Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergaren tasa, %4,2tik %4,3ra igoko dela, KPI alegia. Zerga honetan, ordea, hiru berrikuntza gehitu dituzte.

Hasteko, %80ko hobaria jasoko dute etxebizitza izateko diren ondasun higiezinetan egiten diren obra eta instalazioetan; baldin eta horien helburua energia eraginkortasunaren A motako ziurtagiria lortzeko birgaikuntza energetikoa bada, eta %50eko hobaria B motako ziurtagiria lortzeko egiten diren obra eta instalazioen kasuan.

Amezketako udalerrian jarduera ekonomiko berri bat zabaltzeko arrazoiarekin jarduera horretara bideratutako eraikuntza, instalazio eta obrek % 25eko hobaria izango dute. Eta %50eko hobaria izango da landa eremuko baserrietan berriztatze edo mantenu lanak egiten direnean.

Bestalde, Amezketako Udalak herritarrei gogorarazi nahi izan die: «Iaz bi hobari interesgarri ezarri ziren; batetik, Bizigune eta ASAP programetan sartzen diren etxebizitzetako jabeentzat, horretarako etxeetan obrak egin behar izango balituzkete, zergaren %50eko hobaria izango lukete. Bestetik, ikusirik herriko zenbait etxebizitzek Eraikinen Ikuskapen Teknikoa egin gabe dutela, egiten dutenek %50eko hobaria izango dute, EITaren ondorioz egin behar diren obretan». Hobaria EIT txostenak zehazten dituen partidetara mugatuko da, beti ere, era boluntarioan eta txostenak zehazturiko epeetan egiten badira.

Tasak eta prezio publikoei dagokienez, badira zenbait aldaketa. Uraren ziklo integralaren zerbitzuan, 2015 urtea geroztik abonatu guztiei aplikatzen zitzaien hobaria %25 jaitsiko da, baina salbuespen gisa. Arazketa kontzeptuagatik kobratzen zaien abonatuei, ordea, hobaria bere horretan mantenduko zaie. Erabaki honen arrazoiak nagusiki bi direla azpimarratu dute udaletik.

Hiru urte luze pasa dira Amezketako Udala Gipuzkoako Ur Partzuergoan sartu zela. Zerbitzua finkatuta, herriko ur sarean hainbat inbertsio burututa eta saneamenduaren azpiegituraren proiektuaren kostua finkatuta, udalak uste du «progresiboki uraren prezio publikoak beste udalerrietan bezalakoa izan beharko du». Bestetik, arazketagatik ordainketa egiten duten abonatuei eragiten diena legoke, eta esan behar da «hauek saneamenduagatik ordaintzen dutela, eraikina horretarako prestatuta baitaukate, baina gerora isurketak errekara egiten dira, beraz, egiten duten ordainketa ez dator erabat konforme ordainketaren xedearekin eta hortaz, udalak abonatu hauei hobaria mantentzea erabaki du».

Udaleku irekien prezio publikoetan aldaketa orokor bat egingo da prezioetan, 2019ko ekimen berriak medio eta zerbitzuaren gastu eta sarrerak orekatzeko.

Bukatzeko, udalak 2019an gimnasioa zabaldu zuenean bazkidetzagatik ezarritako prezio publikoak mantendu egingo ditu, baina herrian erroldatuta ez daudenentzat 100 euroko kostua izango du, adina kontuan hartu gabe.

Dokumentua jendaurrean jarrita dago, eta udalaren aldetik, erabateko prestutasuna agertu dute edozein herritarri behar diren azalpen guztiak emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!