Ugartearrak bilduko dituzten festak bihar hasiko dira

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 3a, 19:59

Amezketako Ugarte auzoan prest dituzte Errosarioko Amaren festak; bihar, 19:30ean, bertso poteoarekin emango diete hasiera.

Auzotik auzora dabil festa, eta oraingoan Amezketako Ugarte auzoan izango da jai giroa. Errosarioko Amaren festak ospatzen dituzte, eta bihartik astelehenera bitarteko egitaraua prest dute.

Kanpai hotsek eta suziriek iragarriko dituzte festak, eta segidan bertso poteoa egingo dute, Soto eta Peñagarikanorekin. Iluntzeak trikitilariek alaituko dituzte, eta hankak arin astintzeko aukera izango da gauero.

Larunbata, batez ere, haurrei zuzendutakoa izango da, eta pilota partidez gain, puzgarriak eta zaldian ibilalditxoak egiteko aukera izango dute. Arratsaldea gozatzeko txokolate beroa banatuko zaie. Baina, patata tortilla lehiaketa edo mus txapelketa ere izango dira, gaueko zahagi ardoaren aurretik.

Igandean, ajea izan edo ez, horri aurre egiteko txakolin fresko- freskoa izango dute. Lajarik gabeko jairik ez da Ugarten, eta Laja Bi eta Narbaizak girotuko dute bazkal aurrea. Arratsaldean, herri kirol ikuskizuna izango da, eta urteroko ingurutxoa dantzatuko dute auzotarrek.Txakolinarekin ase ez denak, eguna sagardo dastaketarekin bukatzeko aukera izango du.

Astelehena da festa eguna, eta mezaren ostean, hamaiketako ederra egingo dute, festak hurrengo urtera arte agurtuz.

EGITARAUA

Urriak 4, ostirala

19:30.Kanpai jotze eta suziriak, jaiei hasiera emateko, ondoren trikitilariek alaiturik bertso-poteoa Julio Soto eta Anjel Mari Peñagarikanorekin.

21:00. Herri afaria.

Jarraian. Erromeria Elustondo anaia-arrebekin.

Ondoren. Ugarteko toka lehiaketa.

Urriak 5, larunbata

11:00.Haurren pilota partidak.

12:00.Patata tortilla txapelketa (norberak eraman beharko du beharrezko guztia).

12:30-14:30 eta 16:00-19:00.Egun osoan puzgarriak eta beste hainbat jolas. Arratsaldean zehar zaldian ibilalditxoak Ugarten barrena.

16:00. Mus txapelketa Ugarteko elkartean. Izena ematea 15:30ean, eta partaide batek herrikoa izan beharko du. Bikoteko 10 euro.

17:30. Txokolatea bizkotxoekin elkarte aurrean.

21:00. Zahagi ardoa.

22:30.Izer-Alabier eta Ansorregi-Larrañaga trikitilariak.

Atsedenaldian.Sokatira lehiaketa.

Urriak 6, igandea

11:00.Meza nagusia.

Jarraian. Txakolin dastaketa eta pintxoak, plazan, trikiti doinuez.

Bazkal aurretik. Laja Bi eta Narbaizaren eskutik trikiti saioa.

18:00. Herri kirolak. Harri-jasotzen: Beñat Telleria; Aizkoran: Ugaitz Mugerza eta Julen Alberdi.

Ondoren. Ingurutxoa.

20:30. Sagardo dastaketa.

Laja Bi eta Narbaizarekin festei amaiera emango diegu.

Urriak 7, astelehena

11:00.Meza nagusia.

Ondoren.Hamaiketakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!