Hirugarren agintaldia duzu.
Lan askorekin baina gustura hasi dugu ikasturte berria.
Nahi duzulako edo erreleborik ez delako zaude karguan?
Bietatik esango nuke. Dagoeneko bi agintaldi eginda, errazagoa da eta martxa hartua dut. Talde berria izatearekin, agian, pauso hori ematea kosta egiten da.
Nolakoa da alkate izatea.
Duela zortzi urte garbi izan genuen herriko alkateak egunero egon behar zuela. Nahiko luze jotzen dute tramitazioek, eta egunerokoan, herritarren beharrei erantzuteko beharrezkoa da. Bestela, herri txikia izatearekin amezketar guztiak ezagutzen ditut, eta egunerokotasunean edo asteburuetan ere, ezer bada, herritarrak gerturatzen zaizkizu.
Orain, zinegotzi berriei erakustea tokatu zaizu.
Lau zinegotziak berriak dira, baina esan beharra daukat, oso ondo prestatutakoak direla. Erakutsi baino gehiago, lagundu esango nuke; dituzten ilusioei eta asmoei forma ematen lagunduko diet.
Zer darabilkizue esku artean?
Urrian argiteri publikoa aldatzekotan gara. Baserri baterako bidea ere asfaltatuko dugu. Aurreko legealdian hasitako plan orokorrari jarraipena eman nahi diogu, eta bestetik urrian izaten den kultur astea antolatzen ari gara. Horren barruan, azaroaren 17an, bada lau urtean behin plazara ateratzen den Albizuri harri handia, eta horrekin buru-belarri gabiltza. Eragile ezberdinekin ere kultur eskaintza prestatzen ari gara, eta errotaren berriztatzearekin, turismoari begira, zerbait egin nahiko genuke.
Lanez beteta zaudete, beraz.
Bai, eta zinegotziak berriak izatearekin, gai edo arlo ezberdinetako lan taldeak sortzeko asmoa dugu. Etxebizitzaren gaia askotan ateratzen da, eta etxe huts asko dago Amezketan. Herriko mendien eta basoen kudeaketan azken urteetan ez da ezer egin, eta horri ere heldu nahi diogu. Kulturarako ere talde bat nahi da. Lan taldea ez dakit, baina bidegorriaren inguruan herrian plataforma bat sortuta dago, eta harremanetan gaude. Eta lehen sektorearen inguruko lan taldea ere sortu nahi da, herriko ekoizleekin hitz eginez.
Lau urteei begira zer?
Erronka nagusia Amezketatik Ugarterako bidegorriarena da; ur zikinen saneamendua egin ostean egitea aurreikusita dago. Plan orokorra bukatu, eta herriko irisgarritasuna hobetzeko plana dugu, espaloiak kenduz. Lehengo zerbitzuei eutsi, eta hobetzea eta txertatzea nahiko genuke. Luzera begiratuz, eskola berriaren proiektuari heldu nahi diogu, kokapen berria bilatuz.
Diruz nola dago udala?
Ondo, osasuntsu esango nuke.
Eta herria?
Baietz esango nuke. Langabezia handirik ez da, eta biztanlez jaisten bagoaz ere, eskola osasuntsu dago, eta haurreskolan 11 haur daude.
Parte hartzaileak dira amezketarrak?
Pixka bat hori botatzen da faltan. Puntualki izaten diren kultur ekitaldietan jendeak parte hartzen du, baina erabakitzeko tokietan parte hartzea kosta egiten zaie. Hilean behin egitean da batzorde bat, edo orain lan taldeetan parte hartzeko eskatuko nieke. Denon artean Amezketa hobea egiteko jendearen parte hartzea ona izango litzateke.