«Euskarazko hitzak soinuen mapak dira»

Jon Miranda Labaien 2019ko ira. 22a, 20:59

Xibarit argitaletxearekin 'BA edo munduen arteko oreka' liburua argitaratu du; Joseba Urretabizkaia tolosarraren argazkiekin osatu du argitalpena, eta Bixente Gorostidi amezketarrak itzuli du testua euskarara.

Telebista munduan egin izan du lan Gorka Garmendia Aizpuruak (Donostia, 1968), eta duela zazpi urtetik hona Amezketan bizi da, Txindoki mendiaren magalean, eta Araitz bailaratik ez oso urruti. Bertan kokatu du eleberria, «lurraren mugan, aurrekoek BA esaten zioten leku hartan»

Non du sorburua 'BA edo munduen arteko oreka' liburuak?

Betidanik izan dut historia eta arkeologiarekiko zaletasuna, eta ikerketa asko eginda dauzkat Nafarroa aldean. Jende heldua elkarrizketatu izan dut eta istorio piloa jaso dut. Informazio hori guztia kanporatzeko beharra eta erantzukizuna sentitzen nuen, ikertutako guztia gal ez zedin. Urteotan ikusitako eta ikasitako guztiaren emaitza da liburua.

Genero gisa, eleberria erabili duzu istorio horiek guztiak kontatzeko. Zergatik?

Hainbeste urtetako ikerketen ondoren, sumatu nuen euskarak gainerako hizkuntza aurre-indoeuroparren gisan funtzionatu behar zuela. Hori frogatu nahian ahozko tradizioa arakatzen hasi nintzen, elkarrizketak egiten, toponimoak begiratzen, garai hartako artxiboak aztertzen eta inguruko baserrietako ganbaretan zeuden objektu etnografikoak ikusten. Aitortu zidaten egindako lana, baina arkeologia edo hizkuntzalaritzan titulaziorik ez nuenez, ezin izan nuen ezer zientifikorik idatzi. Horregatik erabaki nuen liburua eleberri modura planteatzea, ez nuen hau guztia kontatu gabe geratzea nahi. Gertatu ziren gauzak dira, baina nobelan fikzionatuta ageri dira.

Bi pertsonaia nagusik daramate kontakizunaren haria: Jon Laboak eta haren amonak.

Bai. Eta biak dira elkarren antitesia. Amona zaharra da, euskalduna, herrikoa, erdi paganoa eta erritu zaharretan sinesten duena. Jon, berriz, gaztea da, erdalduna, hirikoa, erlijio zalea. Bi munduen arteko kontrastea adierazi nahi izan dut bi pertsonaiekin, eta nobelan zehar kontatzen dut nola bilatzen duten elkarren arteko oreka. Horretarako amonak bilobari aspaldiko garaietatik datorren sekretua pasatzen dio, belaunez belaun, emakumeek elkarri transmititu diotena.

Intzako Maria da arbasoetako bat. Dokumentatuta dago emakume hori existitu zela?

Bai, jasota dago. Intzako Txorro baserrian sortutako emakumea zen, eta 1595eko sorgin prozesuko dokumentuetan ageri da neska gaztearen izena. 13 urte zituela eraman zuten Iruñera, 9 urteko ahizparekin eta 37 urteko amarekin batera. Zoritxarrez, ez ziren handik bueltatu, epaiketaren zain zeudela hil baitziren hango zeldetan.

Sorgina al zen Intzako Maria?

Liburuan aipatzen dudan bezala, ez da sinetsi behar izan zirenik, baina ez da esan behar izan ez zirenik. Mariak Alli herriko Akelarre zelaiko erritu paganoetan parte hartu zuela aitortu zuen, eta horrela ageri da Araitz bailarako 1595eko sorgin prozesuko agirietan. Inkisizioak hori baliatu zuen nekazaritza munduko emakumeak gaiztoak zirela erakusteko, eta, besteak beste, tortura erabiliz, ama lurrari lotutako haien ezagutzak gure herri kulturatik betirako desagerrarazteko.

Jazarri zituzten emakume haiei guztiei errekonozimendu bat egin nahi izan diezu nobelan?

Bai. Eleberrian agertzen den amonak, Usabarrenako Grazianaren ahotik Intzako Mariaren berri jasotzen duela kontatzen da. Usabarrena baserria oraindik zutik dago Intzan. Ez dira duela hain aspaldiko kontuak, bospasei belaunaldi atzera egitea besterik ez dago; eta kontuan hartu guk, gutxienez, hiru ezagutu ditugula. Iruditzen zait emakume horiei errespetu handiagoa erakutsi beharko geniekeela. Gaur egun, atso zatarrak, erratz gainean hegan, garatxoz betetako sudur handiekin eta hortzik gabe irudikatzen ditugu, turistentzat prestatutako erakusleihoetan. Emakume hauek horrela iraintzeak ez al gaitu lotsarazten?

'BA edo munduen arteko oreka' du izena liburuak. Zer da BA hori?

BA bi munduen arteko muga da. Iluntasunaren eta argitasunaren arteko gunea da, gune magikoa. Hara bidaltzen du amonak Jon, mendez mende datorren boterearen jabe egin dadin, Txindokiko mari zulora, hain zuzen. Hildakoak daude ilunpean, eta, sinesmen zaharraren arabera, gurekin daude bizi garen artean, itzal moduan. Emakumeek soilik izan dute hildakoekin harremana eta haiek mantendu dituzte hainbat erritu, ia gaur arte. Garai batean, trikuharriak zeuden tokietara joanda hildakoei eskaintzak egiten zitzaizkien bezala egiten dira gaur egun, adibidez, Amezketako elizan. Beste dimentsio horretan hildakoak argia izan dezan, etxeko suarekin pizten dira argizaiolak bertan.

Eta, liburuaren azalerako aukeratu duzun katu beltza, zer dela eta?

Katuak bi aldetara ikusteko boterea dauka, gauez eta egunez. Gauez ere ikusten duenez, iluntasunaren mundu horretarako sarbidea dauka. Hildakoek ematen duten babesaren sinboloa da. Baserrietan maiz egon da katu beltza, babesgarri bezala, zorte ona dakarren eta emankortasun irudi den animalia gisa. Emakumeek etxean katu beltza eta, gizonekoek, ganadua babesteko, ardi beltza artaldean. Gaur egun, berriz, zorte txarrarekin lotzen dituzte, azken mendeetan aurretik zetozen sinesmenak kamuflatzeko eta zigortzeko egindako ahaleginaren ondorioz.

Esan duzu emakumeek katu beltza izaten zutela etxean eta gizonezkoek ardi beltza belazean. Emakumeak arlo pribatura mugatuta eta kondenatuta zeuden soilik?

Emakumeak bi aldeetan ibiltzen ziren, baita arlo publikoan ere, baina erabateko nagusitasuna zuten barruko munduan. Hildakoekin komunikatu eta eguneroko bizitza argitu eta gidatzeko ahalmena zuten. Ahalmena, botere magikoa emakumeena zen, eta sinesmen pagano horretan egiazko sazerdotisak ziren. Gizonezkoek aitortzen zieten gaitasun hori eta estimatzen zuten pilatutako jakinduria.

Jakinduria horri esker biziraun ahal izan du gizakiak, diozunez.

Nola liteke, bestela, azken glaziazioan, hainbat giza espezie bukatu ziren garaian, hemengo Cromagnon gizakiek aurrera egitea? Garaitsu horretan erabaki zuten gizakiek, ibiltari izateari utzi eta kobazuloetan babestea. Ordukoak dira margolanak, erremintak eta suaren erabilera, baina, bereziki, emakumeen ahalmenean eta sinesmenean oinarritutako jendarte bat osatu zutela esango nuke. Emakumeek gizonezkoen mundua menderatu zuten, horretarako hizkuntza sakratua baliatuta.

Hizkuntza sakratu hori da Jonek eleberrian jasotzen duen ondarea. Euskara da?

Euskara asko daude, hika, zuka edo berorika hitz egin dezakegu. Ez diegu berdin hitz egiten umeei edo animaliei. Bada beste euskara bat, sakratua, nik euskararen arima deitzen diodana, eta nire urteotako ikerlanaren ardatza dena. Defendatzen dut , gure hizkuntza Europa mailan dagoen zaharrenetakoa baldin bada, gainerako hizkuntza aurre-indoeuroparrak bezala, onomatopeikoa izan behar duela, kontsonante eta bokal bakoitzak bere horretan esanahia duela, Egiptoko, Babiloniako edo Mazedoniako hizkuntza zaharretan gertatzen den bezala. Euskarazko hitzak, niretzat, soinuen mapak dira.

Adibideren bat jar dezakezu?

Bai. Liburuan hitzen arimaz hitz egiten dut eta arbolaren adibidea aipatzen dut pasarte batean. Itsu batek soinua entzutearekin batera arbola ikus dezakeela esaten dio amonak Joni. Hitz hori entzunda muineko dardaraz jabetzen da itsua, eta badaki zertaz ari garen. A hizkiak bizi indarra edo arima esan nahi du, lehen pentsatzen baitzen gauza guztiek zutela arima; R hizkiak, berriz, gorputz batean harrapatua dagoela esan nahi du eta B-k, berriz, lurraren mugatik jaiotakoa dela. Arb- hizkiez hasten diren hitzak badaude oraindik gaztelaniaz, arboreo, arbusto... eta horrelakoak.

Zer esan nahi du horrek, euskara hitz egiten zela lehen, Iberiar penintsulan?

Ez derrigor. Gaur egungo gaztelania erromantzearen, latinaren, arabiarraren eta iberiarraren arteko nahasketa da. Ez dakigu euren artean zer nolako ahaidetasuna zuten hizkuntzek garai hartan, baina, pentsatzekoa da, hasiera onomatopeikoa izango zutela. Gertatzen da iberieraren arrasto asko galdu egin direla, eta euskara nahikoa osorik mantendu dela.

Hitzen arima deitzen diozun hori, non sumatzen da gaur egungo euskaran?

Hitz askok kantatu egiten dute, baina erne eduki behar ditugu belarriak entzuteko. Toponimo askotan gordetzen da arima hori, baina ez Euskal Herrian bakarrik. Niri erakutsi izan dizkidate Europako leku askotako toki izenak eta, han zer zegoen ezagutu gabe, gai izan naiz antzemateko erreka den, edo bailara edo hildakoak ehorzteko toki bat. Nola jakin dudan? Euskara dakidalako. Tartesikoa, zeltera edo iberiera bezalako hizkuntzak galdu egin dira, eta euskara da haiek itzultzeko erreminta bakarra gaur egun.

Hizkuntza aurre-indoeuropearrak aztertzeko, beste hizkuntza aurre-indoeuropear bat.

Bai. Horrela behar du. Nik uste dudana da, gaur egungo hizkuntzalaritzak latinean duela abiapuntua eta horrek ez duela balio euskara bezalako hizkuntza bat aztertzeko, oso bestelakoa baita oinarria. Mundu akademikoak ez du onartzen hori, teoria asko bertan behera botatzen dituelako. Iruditzen zait, euskaldunok konplexu asko ditugula, eta beti azkenekoari begiratzen diogula, konturatu gabe, esku artean altxor izugarria daukagunean.

Liburua argitaratzeko, Xibarit argitaletxera jo duzu. Zergatik?

Ezagutzen nuen Joseba Urretabizkaiaren lana eta, tamaina honetako lan bat esku artean edukita, argi nuen berarekin argitaratu behar nuela. Edizio txukuna egin nahi izan dugu, detaileak zainduta. Ama lurraz hitz egiten da liburuan, eta horregatik iruditzen zitzaigun libururako erabilitako paperak ezin zuela hala-moduzkoa izan. Italiatik ekarritako birziklatutako paper berezia erabili dugu.

Urretabizkaiak berak atera ditu argazkiak.

Bai. 40 argazki inguru dira, eta izugarrizko lana dago horren guztiaren atzean. Agertzen diren tokiak Araiz bailarakoak dira, Akelarre izeneko barrutian ere izan ginen, eta ateratako tresna guztiak XVI. mendekoak dira, baserrietako ganbaretan topatutakoak.

Zer gertatu zitzaizuen Urrizola izeneko parajean?

Urrizola bidegurutze bat da eta Betelu, Intza eta Azkaratetik etorritako jendearen bilgunea zen garai batean. Gaur egun, ordea, sasiak hartuta dago eta hara iristeko laguntza eskatu genion Jose Mari Estanga Intzako artzainari. Gizarajoak ez zuen ulertzen zergatik genuen hainbesteko seta leku horretara iristeko. Azkenean, azaldu genion liburu bat osatzen ari ginela, sorginkeriaz akusatuta hil ziren emakumeak omendu nahi genituela, eta bazela bat hamahiru urterekin Txorro baserritik eramandakoa. Hori entzundakoan, isilik-isilik eraman gintuen toki hartaraino, eta argazkiak atera ahal izan genituen paraje horretan. Behin herrira bueltan ginenean, Estangak azaldu zigun Txorron jaiotakoa dela bera ere.

Basoan beste sorpresa batekin egin zenuten topo.

Bai. Giro umela zen egun hartakoa, lainoa sartuta zegoen basoan, eta, bat-batean, usteldutako gaztaina enbor bat azaldu zitzaigun parez pare. Ezusteko galanta hartu genuen, giza irudi baten antza hartu geniolako enborrari.

Jatorriz gaztelaniaz idatzi duzu liburua eta gero euskarara Bixente Gorostidi amezketarrak itzuli du. Itzulpenean tokiko ñabardurak jaso al ditu?

Bai, eta asko eskertzen diot. Nik ez dut euskara nahi adina menderatzen eta Gorostidik itzulpen lana egin duenean bertako formak erabili ditu. Aberastu egin du lana.

Zenbat ale argitaratu dituzue?

500 atera dira euskaraz, eta beste hainbeste gaztelaniaz. Hontza liburu dendan jarri dira aleak salgai, Donostian, eta Betelun, Araitz bailaran eta Amezketan banatu da liburua. Ia denak agortu zaizkigu, eta beste argitaraldi bat egin nahi genuke, akaso, eramangarriagoa.

Lan honek segida izango al du?

Bai. Modu batera jarraipena eman nahi genioke, oraindik era asko dagoelako kontatzeko, eta presazkoa da hori argitara ematea, betirako gal ez dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!