Abiadura murrizteko irtenguneak jarri dituzte Amezketan

Ataria 2019ko abuztuaren 19a

Ergoiena auzotik San Martinera bidean lau irtengune jarri ditu udalak eta herritarrei dei egin diete abiadurarekin arduratsu jokatzeko.

Amezketako Udalak Ergoiena auzotik San Martinera doan bidean abiadura moteltzeko lau irtengune jarri ditu. Inguru horretako bizilagunen eta paseatzera doazen oinezkoen segurtasuna arriskuan ikusi du udalak, eta neurriak hartu behar izan dituzte.

Azken hilabeteetan zenbait pertsonek euren kezkak agertu dituzte udalean, abiadura moteltzeko neurriak eskatuz, eta horren ostean etorri da irtenguneak jartzeko erabakiak. Udalak, hala ere, argi utzi du nahiago lukeela "sentsibilizazioaren bidetik jotzea eta ez horrelako oztoporik jartzea", baina gaineratu du ez dela beste erremediorik egon: "Motel eta arduratsu joateko esateak kasu askotan ez du emaitzarik, zoritxarrez". 

Hori horrela, udalak dei egin nahi die herritarrei abiadura handian joateko ohiturak aldatzeko eta abiadura baretzeko, gerora damua ekarriko duen ezbeharrik gerta ez dadin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!