Amezketako festek badute sona, eta ez da gutxiagorako. Aurten ere, gustu guztietarako ekitaldiak dituzten lau egun dituzte aurretik.
Indartsu hasiko dituzte festak Kuadrillen Egunarekin. Eulia agurtu eta txupinazoa bota aurretik, XVIII. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak jokatuko dituzte. Behin festa lehertuta, kuadrillen bazkaria egingo dute. Arratsaldean, berriz, umorea nagusituko da photocallarekin eta joko poteoarekin. Festan jarraitzeko zahagi ardoa egongo da eta udalak sagardoa jarriko du. Ondoren, argazki muntaiaren emanaldia egingo dute eta bingoa egingo da. Goizaldera arte parrandan jarraituko dute DJ Goizalderarterekin.
Ostiralean, etxeko txikienak izango dira protagonista. Puzgarriak eta jolasak izango dituzte goizean nahiz arratsaldean eta bapo bazkalduko dute, Zazpi-itturri elkartean. Gainera, Zirika ikuskizuna ikusiko dute. 18:00etan nesken arteko pilota partidak jokatuko dituzte eta horiek amaitzean, buruhandi eta txistulariak kalejiran ibiliko dira. Tradizioari segituz, zahagi ardoarekin afalduko dute eta udalak jarriko ditu ogia, ardoa, gazta eta kafea. Afalostea alaitzearen ardura Antsorregi, Larrañaga eta Elizagoien ahizpen eskuetan egongo da, eta atseden hartu bitartean, bingoa egingo da.
Larunbatean ere goizean goizetik hasiko da festa. 10:00etan diana izango dute eta mezaren ondoren, herriko gaztetxo eta haurrek herri kirolak egingo dituzte. Eguerdian, txakolina dastatuko dute eta janaria norberak eraman beharko badu ere, udalak parrilak piztuko ditu. Bazkalondoren, Tio Teronen semeak dantza taldeak Freshcool ikuskizuna eskainiko du. Umoreak hartuko du Amezketa 19:00etan egingo den mozorroen desfilearekin eta sari banaketarekin. Bi kategoriatan banatuko da lehiaketa. 16 urtetik beherakoetan, lehenengo saridunak 75 euro jasoko ditu, 50 bigarrenak eta 25 hirugarrenak. 17 urtetik gorakoetan, berriz, 150 euro eskuratuko ditu lehenengoak, 100 bigarrenak eta 75 hirugarrenak. Ondoren, punta-puntako bertsolarien saioa izango da Maialen Lujanbio, Jone Uria, Alaia Martin, Bixente Gorostidi, Angel Mari Peñagarikano eta Iñigo Gorostarzurekin. Gai jartzaile lanetan Imanol Artola felix ariko da. Parranda gogoz dagoenak aukera izango du 23:30ean hasiko den Obaneukeren kontzertuarekin. Aurreko egunetan bezala, atsedenaldian bingoa egongo da.
Igandeko ajea errazago pasako zaie 12:00etan plazan egingo den moto trial ikuskizunarekin. Gero, lehian sartuko dira, paella onena nork prestatuko. Banatuko dituzten sariak ez dira nolanahikoak izango. Lehenengoak 150 euro jasoko ditu, 100 bigarrenak eta 75 hirugarrenak. 17:00etan herriko gaztetxoen musika eta dantza emanaldiak izango dira, eta festei parrandan emango diete amaiera. Horretarako, sagardo dastaketa, Fan&GO taldearen kontzertua, euliaren entierroa eta bingoa nahiz guraso elkartearen aldeko zozketa egingo dituzte.
Autobus zerbitzuak Tolosara
Parranda egin ostean Tolosara itzuli nahi dutenentzat autobusak ere egongo dira Amezketatik. Abuztuaren 22an 02:30ean eta 04:30ean abiatuko dira autobusak. Abuztuaren 24an, 00:00etan, 01:30ean, 03:00etan eta 04:30ean.
EGITARAUA
ABUZTUAK 22, OSTEGUNA
KUADRILLEN EGUNA
10:30. XVIII. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finalak, frontoi zaharrean.
13:30. Euliari agurra eta txupinazoa.
14:30. Kuadrillen bazkaria, Larrunarri pilotalekuan.
Segidan. Photocall eta joko poteoa.
21:00. Zahagi ardoa eta udalak sagardoa jarriko du.
Ondoren. Argazki muntaiaren emanaldia.
22:30. Tximeleta taldearekin dantzaldia plazan.
Atsedenaldian. Bingoa plazan.
Ondoren. DJ Goizalderarte.
ABUZTUAK 23, OSTIRALA
UMEEN EGUNA
10:30-13:30. Puzgarriak eta jolas gehiago eskoletan.
14:00. Umeen bazkaria, Zazpi-itturri elkartean.
15:00-17:00. Puzgarriak eta jolas gehiago eskoletan.
17:15. Zirika ikuskizuna, plazan (eguraldi txarra bada, Altuna anaiak frontoian).
Ondoren. Haurrentzako merienda.
18:00. Nesken arteko pilota partidak, Larrunarri pilotalekuan.
19:30. Kalejira buruhandi eta txistulariekin.
21:00. Zahagi ardoa (udalak ogia, ardoa, gazta eta kafea jarriko ditu).
23:00. Antsorregi eta Larrañaga eta Elizagoien ahizpekin erromeria goizaldera arte.
Atsedenaldian. Bingoa plazan.
ABUZTUAK 24, LARUNBATA
SAN BARTOLOME ETA MOZORRO EGUNA
10:00. Herrian zehar diana txistulariekin.
11:00. Meza nagusia, San Bartolome elizan.
12:00. Herri kirolak plazan, herriko haur eta gaztetxoek eskainita.
13:30. Txakolin dastaketa ( udalak parrila piztuko du eta jatekoa norberaren kontu).
18:00. Tio Teronen semeak dantza taldearen Freshcool emanaldia, Beltzaren plazan.
19:00. Mozorroen desfilea eta sari-banaketa plazan.
22:30. Bertso saioa, Altuna anaiak frontoian: Maialen Lujanbio, Jone Uria, Alaia Martin, Bixente Gorostidi, Angel Mari Peñagarikano eta Iñigo Gorostarzu. Gai jartzailea: Imanol Artola, felix.
23:30. Obaneuke taldearekin dantzaldia plazan.
Atsedenaldian. Bingoa.
ABUZTUAK 25, IGANDEA
12:00. Moto trial ikuskizuna, Beltzaren plazan.
13:00. Paella lehiaketa, Larrunarri pilotalekuan.
14:30. Sari banaketa.
17:00. Herriko gaztetxoen musika eta dantza emanaldiak, frontoi zaharrean (Eguraldi txarrarekin, Altuna anaiak frontoian.
20:30. Sagardo dastaketa plazan.
22:30. Fan&GO taldearekin dantzaldia.
00:00. Euliaren entierroa (lutoa ez ahaztu).
Ondoren. Bingoa eta Akelok guraso elkartearen aldeko zozketa.