Amezketako Udalak aguazilen zerbitzua indartu nahi du

Ataria 2019ko abuztuaren 1a

Langile bat kontratatu nahi du eta bihar amaituko da lanposturako izena emateko epea. Abuztuaren 5etik 30era arteko lana izango da.

Urte sasoi honetan, jaiak hasi aurretik eta jaietan, herrian lan asko izaten da: herriko kaleak txukundu, zaborrak bildu, jaietarako kioskoa muntatu, mahai eta aulkiak mugitu eta jarri, plaza eta inguruak garbitu, jaiak amaitutakoan dena jaso... Beraz, lan hauek egiten laguntzeko, Amezketako Udalak langile bat kontratatu nahi du aguazilen zerbitzuan laguntzeko.

Egutegiari dagokionez, abuztuaren 5etik abuztuaren 30arte, astelehenetik ostiralera, eta festetan, abuztuaren 24 eta 25 barne egin beharko du lan. 8:00etan hasi eta 15:00etan amaituko du lanaldia eta jaietako asteburuan, lan beharren araberako ordutegia izango du. Egindako lanarengatik 1.880 euro gordineko ordainsaria jasoko du.

Hainbat baldintza bete beharko dituzte lanpostu hau nahi duten langileek: Lanbiden izena emanda egotea eta langabetua izatea; euskaraz jakitea, ahozko mailan; gidatzeko baimena edukitzea; eta beharrezkoak diren tresnak (belarra mozteko makina, zulagailua...) erabiltzen jakitea. Gainera, gaitasunak egiaztatzeko elkarrizketa egin daiteke. Hala ere, lanposturako hautagai bat baino gehiago aurkeztu ezkero, lehentasuna emango zaie 45 urtetik goragoko langabetuei, eta hala ere, adin multzo horretan pertsona bat baino gehiago izanez gero, zozketa bidez ebatziko da lanpostua.

Lanpostu honetan interesa agertzen dutenek izena eman behar dute abuztuaren 2a baino lehen udaletxean, eta informazio gehiago eskuratzeko udaleko 943 653 189 telefono zenbakira deitu daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!