XXX. Joxean Tolosa Pilota Txapelketak hasi du bere bidea

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 26a, 09:00

Bi asteburutan jokatu dituzte partidak; finalak irailaren 15ean izango dira

Martxan jarri da dagoeneko XXX. Joxean Tolosa Pilota Txapelketa, gizonezkoen kadete, gazte eta nagusien mailetan, Amezketako Zazpi Iturri elkarteak antolatuta. Buruz buru kantxa osoan jokatzen da, herriko Larrunarri frontoian, ostiral eta larunbatetan, 21:30ean hasita. Bi asteburu jokatu dituzte eta astebururo izango dira partidak, herriko festetan izan ezik. Finalak irailaren 15ean izango dira. Emakumezkoen txapelketa ere izango da, batez ere herriko parte hartzaileekin eta maila bakarrean. Partidak aurrerago hasiko dira eta finala ere irailaren 15ean izango da.

Gizonezkoei dagokionez, aurreko asteburuan ondorengo emaitzak izan ziren: kadeteetan, Elosegi (Azpeitia) 7, U. Amiano 18 (Irun, Tolosa elkartekoa); Iker Egiguren (Azpeitia) 18, Amundarain (Alkiza, Tolosa elkartekoa) 8; gazteetan, Salaberria (Hernani) 10, Altuna (Tolosa) 18; Arrien (Zornotza) 10, Goikoetxea (Tolosa) 18; nagusietan, Ruiz de Larramendi (Lazkao) 18, Zabala (Aduna, Zazpi Iturri elkartekoa) 14; Maiz (Villabona) 13, Zubiria (Berrobi, Zazpi Iturri elkartekoa) 18.

Asteburu honetan beste bi jardunaldi izango dira. Ostiralean, kadeteetan, Gorrotxategi (Arbizu) eta Emaldi (Zeanuri); gazteetan, Odriozola (Zestoa) eta Zubeldia (Altzo); eta nagusietan Irazustabarrena (Alegia) eta Gaskue (Larraintzar) ariko dira. Larunbatean, kadeteetan, Naldaiz (Lazkao) eta Ibarloza (Markina); gazteetan, Alberdi (Azpeitia) eta Iker Amiano (Irun, Tolosa elkartekoa); eta nagusietan Uribe (Gasteiz) eta Julen Alberdi (Andoain) ariko dira.

Partida guztiak kanporaketa bidez dira, beraz, irabazten duenak aurrera egiten du eta galtzen duenak txapelketatik kanpo geratzen da.

Aurtengoan pilotari gaztetxoen txapelketa egingo da, bost urtez behin egiten den moduan. Mutiletan benjamin, alebin eta infantil mailak izango dira, eta nesketan maila bakarra egingo da. Hauen partidak aurrerago hasiko dira, eta larunbat arratsaldetan jokatuko dute. Finalak irailaren 14an egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!