Hamabi lan arlo banatu dituzte Amezketan, legealdi berrirako

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 24a, 11:01

Mikel Arteaga izendatu dute alkateorde, eta zehaztu dituzte lan arloetako ardurak; alkateak ordainsari berarekin jarraituko du, eta %46ko lanaldiarekin.

Udal hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Iñaki Amundarainek hirugarrenez ekin berri dio legealdiari.

Bada, ekainaren 17ko ebazpenaren bitartez Mikel Arteaga zinegotzia izendatu dute alkateorde. Ekainaren 25eko ebazpenaren bitartez, Amezketako Udaleko lan arloetako ardurak zinegotzien artean ere banatu dituzte.

Gizarte zerbitzuak eta hirugarren adina barnebiltzen dituen arloa Alaitz Labaien Tolosa zinegotziaren ardurapekoa izango da eta zinegotzi berak jorratuko du berdintasuna ere; Iñaki Arandia Odriozola zinegotziak euskara eta kultura arloak jorratuko du; landa eremua eta ingurumena gaiak Miren Arantzazu Karrerak jorratuko ditu; eta Mikel Arteaga Zabalak gazteria, udal komunikazioa, hezkuntza, turismoa eta kirola jorratuko ditu. Azkenik, hirigintza eta obra zein zerbitzuetako arloa Iñaki Amundarain alkatearen ardurapekoa izango da. Orotara, beraz, 12 lan arlo banatu dituzte 2019-2023 legealdirako.

HILEKO AZKEN OSTEGUNA

Bestalde, uztailaren 5ean egindako udalbatzarrean berriz, udalbatzarra eta informazio batzorde orokorra noiz elkartu erabaki zuten.

Aurreko urteetan bezala, hilabeteko azken ostegunean eta astelehenean izango dira, hurrenez hurren.

Orduari dagokionez, 20:00etan eta 20:30ean izan ordez, 19:00etan egitea adostu zuten.

ORDAINSARIAK

Udalbatza horretan halaber, alkatearen eta zinegotzien ordainsarien gaia ere jorratu zuten.

Alkateak lehengo lanaldi eta ordainsari berarekin jarraitzea erabaki zen, hau da, % 46ko lanaldiarekin eta 1.754,71 euroko ordainsariarekin — kopuru gordina, 14 lansari—.

Zinegotzi guztiek, berriz, hileko 100 euroko kalte ordaina izango dute, lehen bezala, udalbatzarretan eta batzordeetan parte hartzeagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!