Josu Artola, «oso gustura» Gordexola Xtreme probarekin

Imanol Garcia Landa 2019ko uzt. 9a, 19:59

Moto gidari amezketarrak bosgarren postua egin du enduro extreme kiroleko lasterketan.

Josu Artolak bosgarren egin du Gordexola Xtreme proban, enduro extreme kirolean egiten den lasterketa garrantzitsuena Euskal Herrian. Moto gidari amezketarra «oso gustura» geratu da lortutako postuarekin. Aurreneko aldiz 2012an parte hartu zuen Artolak, eta ordudanik urtero ari da parte hartzen Gordexola Xtreme lasterketan.

Igandean jokatu zen final handia, baina horretara iristeko beste proba batzuk pasa behar ziren. Ostiral gauean jokatu zen erlojuaren kontrako proba, ibilbide motz batean. Horri itzuli bat eman behar zitzaion eta hor lortutako sailkapenak balio zuen gero, larunbatean, egindako probako irteera zehazteko. Hamalaugarren egin zuen Artolak: «Nahiko gustura gelditu nintzen. Gehienbat garrantzitsua izaten da oso atzean ez geratzea, bestela gero hurrengo eguneko proban jendeak oztopatu egiten du eta zaila izaten da aurreratzea. Gainera lurra oso lehor zegoen, hauts asko zegoen, eta ikusteko arazoak ere bai».

Larunbateko proban minutu eta erdiko aldearekin atera ziren moto gidariak, eta lasterketa sei ordu ingurukoa izan zen. Ibilbide bati hiru itzuli eman behar zitzaizkion. Proba horretako lehen 50 sailkatuek igandeko finalean parte hartzen dute. «Hasi eta berehala zazpigarren postuan jartzea lortu nuen. Gero arazoak izan nituen aurreko balaztarekin, eta balazta hori gabe geratu nintzen», esan du Artolak. «Aurreneko itzulia bukatuta, paddock-ean balaztaren arazoa konpontzea lortu genuen. Tarte horretan parte hartzaile batzuk pasa egin zidaten, baina berriz ere zazpigarren postura iristea lortu nuen, eta postu horretan bukatu nuen».

Igandeko final handian, beraz, zazpigarren atera zen amezketarra. Orduan ere 30 segundoko tartearekin atera ziren parte hartzaileak. «Komeni izaten da ahal den aurren ateratzea. Igandeko ibilbidea zaila izaten da eta zenbait puntutan ilarak sortu daitezke, hau da, beste gidari batzuk traban jarri daitezke», esan du Artolak. Bere helburua proba bukatzea zen, izan ere, lehen sailkatuak proba bukatu ondoren, ordubetera lasterketa amaitutzat ematen da eta ez dena helmugara iristen, lasterketatik kanpo geratzen da. Zazpi bakarrik bukatu zuten, eta horietako bat izan zen Artola: «Proba oso gogorra izaten da, eta maila handiko gidariak zeuden, aurreneko hirurak behintzat». Artola irabazlea izan zen Mario Romanetik ia 32 minutura iritsi zen, guztira helmugan 4.32.08ko denbora eginez.

Iaz podiumean sartzea lortu zuen, hirugarren egin ondoren, «banekien podiumean sartzea oso zaila izango zela», esan du Artolak. «Gainera aurreko bi astetan besoetako minekin eta arazoekin izan naiz, eta ikara handiarekin joan nintzen, nola aterako ote zen pentsatzen. Azkenean uste baino hobeto aritu naiz». Amezketatik hainbat herritar joan ziren Artola ikustera, eta asko eskertu die haiek emandako animoak.

Aurrera begira Errumanian egiten den Red Bull Romaniacs proban parte hartuko du Artolak: «Oso lasterketa garrantzitsua da. Aurreneko aldia iaz joan ginen, eta oso gustura ibili ginen bertan, eta aurten ere errepikatzeko asmoa dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!