Udalak toponimoen mapa berria argitaratu du

Hogei urte pasa dira Amezketako Udalak herriko mapa argitaratu zuenetik; mapa eguneratu dute, eta herritarrei banatzeaz gain, bisitariei banatzeko baliatuko dute.

Amezketako Udalak herriaren mapa berria argitaratu du. Hogei urte pasa dira paperean mapa toponimikoa argitaratu zutenez geroztik, eta lanketa egin ostean aurten eguneratzea erabaki dute.

Batik bat herritarrentzat egin dutela adierazi dute udaletik, baina herrira gerturatzen diren bisitariei banatzeko ere baliatuko dute: «Helburu garrantzitsuetako bat Amezketa herria herritarrei hobeto ezagutzeko aukera ematea da», eta gaineratu dute «baliabide egokia da, zalantzarik gabe, herriko txoko desberdinen izenak ezagutzeko».

Pasa diren urte guzti horietan, «herriko toponimia bera eta bere idazkera aldatzen, egokitzen eta eguneratzen joan dira», gaineratu dute, eta «zer esanik ez, urteotan Amezketako eraikinak fisikoki aldatu egin dira, eta baserri eta etxebizitzak beste itxura batekin edo kokapen berri batean berreraikiak izan dira».

Toponimien mapa da. Herriko izendegi guztia eguneratuta jasotzen du: baserriak, kaleak, lekuak, mendiak, errekak,... Euskaltzaindiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egindako lana da esku artean dutena.

Bi alde ditu mapak, eta alde batean, erreka eta errekatxoen izenak zerrendatu dituzte, eta baita baserrienak ere. Guztiak, mapan koordenadez aurkitu daitezke. Beste aldean, Amezketaren kokapenaren mapa du, muga guztiak zehaztuz eta leku izen guztiekin. Gainera, Amezketakoak diren Aralarko saroien inguruko informazioa ematen du, argazkiz lagunduta.

SAROIAK ARALARREN

XX. mendearen hasieran, Amezketako Udalak hamaika saroi erosi zituen Aralarko lur komunetan. Arritzagako haranaren inguruetan kokatzen dira: Aintzegi, Arritzaga, Buruntzizin, Etziza, Etzizegi, Gereziolatz, Igaratza, Igaratzaarralde, Mendotzarte, Pardeluts eta Salin.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!