Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa hobetzeko, app berria

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 29a, 19:57

Amezketako Udalak mugikorrerako aplikazio berria sortu du: AmezketaApp. Dagoeneko eskuragarri dago Interneta duen edozein mugikorretan erabiltzeko

Amezketako Udalak mugikorrean erabiltzeko aplikazio berria abian jarri du: AmezketaApp. Dagoeneko eskuragarri dago, eta Apple-eko app store edo Android-eko play store aplikazioen bitartez jaitsi daiteke Interneta duen mugikorrera. Bitarteko bat gehiago jarri du udalak herritarrei hurbiltzea helburu jarrita. Era berean, amezketarrak udalari zuzentzeko bide bat gehiago izango dute.

AmezketaApp-arekin teknologia berrien abantailez baliatu nahi du udalak. Udal erabakiak eta jarduerak are parte hartzaileagoak izatea lortu nahi dute: «Gaur egun, ia denek smartphone bat dute patrikan, eta honek sekulako aukerak ematen ditu partaidetzaren ikuspegitik». Honela, herritarrekin harremana eta komunikazioa erraztu eta areagotu nahi dituzte. AmezketaApp bidez, «herritarrek Amezketako Udalak egiten dituen aurrerapenen eta onartzen dituen programen eta ekintzen berri izango dute», gaineratu dute, eta «herritarrek bidaltzen dituzten gertaerei arreta jarriko zaie», azaldu dute. Gainera, «udalari bere eguneroko kudeaketan eta plangintzan erabakiak hartzen lagunduko dio, eta guzti hori, gobernu onaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarrituko da», azpimarratu dute.

Udalak AmezketaApp-aren erabilera zehatzaren argibideak jasotzen dituen eskuorria argitaratu du, etxez etxe banatzeko, aplikazioaren deskarga errazteko QR kodea ere eskura jarri du.

Aukera ezberdinak


App-ak funtzio ezberdinak eta partaidetzarako bideak eskainiko ditu udalaren esanetan. Galdeketen kasuan, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza Zuzendaritzak IZFEren eskutik, prestatzen ari den web orrira sarbidea izango du.

Herrian suertatzen diren gorabeherak jakinarazteko aukera ere eskainiko du, hau da, udalari herriko edozein gertaera bidali ahalko zaio, argazkia eta geolokalizazioarekin. Momentuan bertan udaletxean jasoko dute informazioa, eta honek erantzuna azkarra izatea ahalbidetuko duela adierazi dute udaletik.

Herriko edo udaletxeko albiste eta oharrak bidaltzeko ere erabiliko da. Zerbait argitaratzen denean aplikazioaren erabiltzaileek abisu bat jasotzeko aukera izango dute.

Horiez gain, udaletxeko web orrira, www.amezketa.eus-era, sarbide zuzena izango du, aplikazioak ahalbidetzen ez duen beste edozein kontsulta edo tramite egin ahal izateko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!