«Orain garbi daukat pianoarekin jarraitu nahi dudala»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 23a, 18:59

Alaitz Artola Ormazabalek umetatik garbi zuen pianoa ikasi nahi zuela. Martxoan, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan lehen postua lortu zuen 19 urtez azpiko mailan. Orain, herrian eskainiko du kontzertua, ekainaren 1ean.

Batxilergoko ikasketa amaitu berri, Alaitz Artola Ormazabal (Amezketa, 2001) piano jotzaileak garbi du piano ikasketak egin nahi dituela. Dagoeneko Bartzelonan sarrera probak egiten hasi bada ere, ekainean zehar egingo ditu Donostian eta Iruñean. Ibilbide honetan eman dien laguntzagatik, eskerrak eman nahi izan dizkie, bai gurasoei eta baita alboan izan dituen irakasleei ere.

Noiz sartu zinen musikaren munduan?

Txikitatik asko gustatu izan zait, eta asko ibiltzen nintzen kantuan eta dantzan. Baina zortzi urte inguru nituela pianoak erakarri ninduen. Hemen, Amezketan, Kontxu Altuna aritzen zen piano klaseak ematen, eta berarekin hasi nahi izan nuen. Hamar urte egin nituenean, berriz, Donostiako kontserbatorioan hasi nahiko nukeen esan zidaten, eta probatzea erabaki nuen. Gustura hasi nintzen eta hortxe jarraitu dut aurten arte.

Garbi zenuen pianoa ikasi nahi zenuela?

Instrumentu bat aukeratzerakoan garbi izan nuen pianoa nahi nuela. Probatu nuen eta asko gustatu zitzaidan; horrekin jarraitu nuen, eta gustura nago.

Herrian bertan ikasteko zortea izan duzu, beraz.

Hasieran nik gurasoei esan nienean pianoa ikasi nahi nuela, suertea izan zen hemen bertan, etxe ondoan, irakaslea izatea. Oso gustura hasi nintzen berarekin, eta oso ondo tratatu ninduen. Beti pazientziarekin hartu ninduen, eta oso gustura ibili nintzen.

Duela pare bat hilabete, Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketako saria irabazi zenuen 19 urtez azpiko mailan. Beti parte hartu izan duzu?

Kontserbatorioan urtero errepertorio bat ikasten saiatu izan gara, ez ikasten ikasteagatik, baizik eta, nonbait jotzeko. Kontzerturen baterako edo lehiaketaren baterako izan da. Behin baino gehiagotan apuntatu izan naiz. Uste dut musikari gazteen lehiaketara hirugarren aldia zela aurkezten nintzela. Aurten izan da lehen aldia irabazi dudana. Beste batzuetan ere parte hartu izan dut; batzuetan emaitza hobeagoekin eta okerragoekin, baina gure helburua ez da izaten irabaztea. Baizik eta, urtean zehar ikasi dugun hori erakustea.

Espero zenuen irabaztea?

Ez. Nik horrelakoetan ez dut inoiz espero izaten. Esan dudan moduan, gehiago joaten naiz ikasi dudan hori nonbait jotzera. Helburua hori izaten da. Kasu honetan, jo nuen, eta oso gustura geratu nintzen. Baina ez zitzaidan burutik pasa ere egin saria emango zidatenik. Ezusteko polita izan zen.

Zer nolako esperientzia izaten da jendaurrean edota epaimahai baten aurrean jotzearena?

Txikia zarenean agian gehiago kostatzen zaizu, baina beti nahiko lasai joan izan naiz. Inoiz ez dut gehiegizko urduritasunik izan. Nahiko ondo eramaten dut eta gustuko dut jendearen aurrean jotzearena.

Zein izan da lehiaketak eman dizun saria?

Nire ahaleginari saria izan da. Urte gogorra izan da atariko probak prestatzen aritu naizelako. Asko ikasten aritu naiz, eta lehiaketara joan eta ondo ari naizela ikusi ahal izan dut. Demostrazioa izan da, eta eskertzen da.

Batxilergoko ikasketez gain, pianokoak atera behar izan dituzu aurrera. Nola eraman duzu hori?

Aste hobeak eta okerragoak izan ditut. Okerrena, bietako azterketak elkartzean izaten da; goizean eskolakoak eta arratsaldean kontserbatoriokoak. Antolatzea da kontua. Egun bakoitzean zer egin behar duzun garbi izan, eta klabea hori jarraitzea da. Azkenerako ohitu egiten zara.

Inoiz pasa zaizu burutik pianoko ikasketak uztea?

Lan askoko estres momentu jakin batzuetan bai, baina inoiz ez serio. Batxiler garaian, azterketetan, 'ezin dut gehiago' esan izan diot neure buruari. Baina nola oso gustura nagoen, eta han bertan ere giro oso ona daukagunez, eta irakasleek asko laguntzen digutenez, serio ez dut inoiz planteatu uztearena.

Zer ematen dizu pianoak?

Erantzun hauek askotan oso tipikoak dira [barreak], baina egia da oso parte garrantzitsua dela niretzako. Txikitan oso mugitua nintzen, eta asko lagundu zidan zerbaitetan zentratzen. Era berean, asko ikasteaz gain, asko eman dit. Lagun asko egin ditut, eta ate asko ireki dizkit.

Eta orain aurrera begira, zer?

Batxilergoko eta kontserbatorioko ikasketak biak bukatu ditut. Orain garbi daukat pianoarekin jarraitu nahi dudala. Pianoko goi mailako ikasketak egin nahiko nituzke. Lau urte dira. Beste ikasketetatik ezberdina da, ez delako batxiler eta selektibitateko notekin egiten. Sarrera probak egin behar ditugu. Bartzelonan bi tokitan, Iruñean eta Donostiako Musikenen egingo ditut sarrera probak, eta ea zortea dudan.

Zein motatako proba da?

Alde batetik, azterketa teorikoak daude idatziz egiteko. Bestetik, pianoan, ordu erdi bat buruz jo behar da, eta lehen aldiz partitura bat aurrean jarri eta irakurri behar da. Guzti hori prestatzeko orduak eta orduak sartuz aritu gara irakaslearekin. Lan askoko ikasturtea izan da, baina oso polita eta uste dut bukaera polita eman diodala.

Non ikasi nahiko zenuke?

Oso etxekoa naiz, eta Donostian gelditu nahiko nuke, baina ez horregatik bakarrik. Oso eskola ona da. Jende asko kanpotik etortzen da, eta hori seinale bat da. Hiru irakasle daude pianokoak, eta oso gustura aritu naiz beraiekin. Bertan gelditu nahiko nuke.

Musikatik bizi nahi duzu?

Bai, momentu honetan hori sentitzen dut. Gero ez dakit karrera egin, eta zer izango den. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta auskalo zertan bukatuko dudan. Helburuak jartzea izango da. Piano kontzertuetatik bizitzea oso-oso zaila da, baina neure burua ikusten dut piano klaseak ematen.

Herrian kontzertu bat eskaintzekotan zara.

Bai. Kontserbatorioko ikasketak amaitu ditudanez, Junkal Guerrero irakasleak esan zidan, beti, ikasketak amaitzean bakoitzak bere herrian kontzertu bat emateko ohitura duela. Urte guzti hauetan ikasi dugun hori erakusteko. Alkatearekin hitz egin nuen, eta ez didate arazorik jarri. Laguntzeko prest daude, eta ekainaren 1ean izango da, 19:30ean, kultur etxeko aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!