Ariketa fisikoa egoki egiteko aholkuak emango dituen hitzaldia, ostiralean

Ataria 2019ko maiatzaren 20a

Amezketako Udalak ariketa fisikoa modu egoki batean egiteko jarraibide eta aholkuak azalduko dituen hitzaldi bat antolatu du. Ostiralean, hilak 24, 19:00etan izango da, kultur etxeko aretoan.

Martxoaren bukaeran gimnasio berria zabaldu zen. Dagoeneko 60 bat amezketar direla bazkidetza egindakoak eta gimnasiora hurbiltzen direnak ariketa fisikoa egitera adierazi dute udaletik: "Eguneko edozein momentutan ikus daitezke herritarrak zinta egiten, bizikleta estatikoan edo eliptikoak erabiltzen. Halere, zenbait bazkidek udalari gimnasioko makinak erabiltzen erakusteko hitzaldi bat egiteko iradokizuna luzatu diote eta udalak ontzat hartu du ideia".

Hortaz, ostiralean, Gipuzkoan hainbat kiroldegiren kudeaketa eramaten duen BPXport enpresa espezializatuko kirol monitore batek ariketa fisikoa modu egoki batean egiteko jarraibide eta aholkuak azalduko dituen hitzaldi bat emango du. Hitzaldia bi zatitan banatuko da: lehen zatia teorikoa izango da eta ariketa fisikoaren maiztasuna, beroketa egitearen garrantzia, adin bakoitzari dagokion ariketa fisikoaren nondik norakoak, luzatze edo estiramendu ariketak nola eta noiz egin jorratuko da; eta bigarren zatian, berriz, gimnasioan bertan makina bakoitzaren ezaugarriak eta erabilpenak bertan ikusi eta ikasi ahal izango dira.

Amezketako Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, gimnasioaren bazkide izan ala ez izan, hitzaldian parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!