Iker Karrera mendi lasterkaria omendu du Amezketak

Irati Urdalleta 2019ko maiatzaren 13a

Pasa den udan utzi zituen Iker Karrerak mendi lasterketa profesionalak. Omenaldia egitearekin batera, Dani Sagastumek egindako dokumentala ere eskaini da.

Buruntzunzin Mendi Elkarteak maiatza heltzearekin batera antolatzen du Mendi Astea eta aurtengoari itxiera herritar bati omenaldia eginez eman zaio. Izan ere, Iker Karrera mendi lasterkariak merezitako omenaldia jaso du.

Omenaldi horretan, Iker Karreraren ibilbide profesionala eta pertsona bera batzen dituen dokumentala eskaini da. Dani Sagastume izan da dokumentala egitearen arduraduna eta horretarako, besteak beste, Karreraren lorpenik handienak, bere anaiaren hitzak, Goio Larrañaga eta Javi Dominguezen esanak eta Iker Karreraren bizipenak jaso ditu.

Dokumentalaren ondoren, Zigor Iturrieta mendi lasterkari ohiak eta egungo Txoriene saioko aurkezleak gidatu du galderen txanda. Biak 2010ean ezagutu ziren eta 2018an elkarrekin utzi zuten mendi lasterketen mundua, pasa den abuztuan, PTL lasterketan. Nabari izan da bien artean laguntasun handia dagoela eta bertaratutakoek barre egiteko tartea ere izan dute. Horrez gain, Ikerren lorpenez galdetzeko, mendi lasterketen egoera nola ikusten duen jakiteko eta kirolak gizartean duen gaindimentsioaz gogoetatzeko ere baliatu dute ekitaldia.

Txapeldun batek merezi duen txapela ere oparitu diote eta ondoren, Mendi Astean parte hartu dutenek afaria egin zuten, urtero legez.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!